Egiatarren irisgarritasun arazoak bildu ditu Egia Bizirik elkarteak bideo batean
Ametzagaña eta Karmenago Ama kaleen arteko gune honetan igogailua jartzea nahi dute. Nagore Garmendia Egiatar askok egunero hainbat zailtasun dituzte auzoko irisgarritasun hutsuneen ondorioz. Egoera hori ikusarazteko, Egia Bizirik elkarteak bideo baten bildu ditu auzotarren testigantzak, oztopo horiek euren egunerokoan duten eragina kontatzen.
Urteak daramatzate Ametzagaña kaletik Karmengo Ama kalera doazen eskaileretan igogailua jartzeko eskatzen. Eskailera horiek auzoko bi eremuren arteko lotura nagusia dira, adineko askok, gurpil aulkian dabiltzanek edo mugikortasun arazoak dituzten herritarrek “zailtasun handiak” dituzte egunero eskailerak erabiltzeko, eta egoera horrek bizilagun askoren “autonomia eta bizi kalitatea” baldintzatzen ditu.
Hori horrela, eta igogailuaren instalazioa teknikoki “bideragarria” da jakinda, ez dute ulertzen beharrezko azpiegitura hori oraindik martxan jarri ez izana. Bideoa zabaltzearekin batera, datozen asteetan udal ordezkariekin eta udal taldeekin bilerak egingo dituzte egoeraren berri eman eta irtenbide zehatzak eskatzeko. “Gure helburua da Egiako irisgarritasuna lehentasunezko gai bihurtzea eta auzoak aspalditik egiten duen eskaerari erantzun argia ematea”, zehaztu dute elkarteko kideek.
Gainera, ekainaren 22an beren eskaera zabaltzeko mobilizazioa egingo dutela ere jakinarazi dute.

