Amaitu dituzte Alderdi Ederreko haur parkearen berritze lanak
Parkearen segurtasuna eta irudia hobetu dute lanek. Donostiako Udala Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako atalak, Alderdi Ederreko haur parkea berritzeko eta hobetzeko lanak amaitu ditu. Erabileraren eta denboraren ondorioz higatuta zeuden elementuak berritu dituzte hiriko parke erabilienetako den horretan. Hala, jolas eremua eta segurtasun zoladura berritu dituzte, 30.000 euroko inbertsioa eginda.
Aurrera eramandako lanak honakoak dira: joko anitzeko bi eremuak erabat desmuntatu eta hondatutako zutoinak eta panelak berritu eta berriro muntatzea; malguki inklusibo berri bat eta labirinto motako joko bat instalatzea; zabuen egiturak berritzea, eta haur parkearen azalera osoan segurtasun lurzoru jarraitu berri bat instalatzea. Zoladura berri horri esker, parkearen segurtasuna indartu eta irudia hobetu dute.

