Asier Esparza izango da PACMAren Donostiako alkategaia 2027ko udal hauteskundeetan
Asier Esparza donostiarra.PACMA Urtebete baino zertxobait gutxiago falta da Donostiako udal hauteskundeetarako, eta PACMA alderdiak alkategaia iragarri du: Asier Esparza donostiarra. PACMAren Gipuzkoako koordinatzailea eta Zuzendaritza Batzordeko idazkaria da.
Esparzak Donostia “bizigarriagoa, jasangarriagoa eta animaliekiko begirunetsuagoa” bultzatzeko helburuarekin hartu du hautagaitza, “auzoen eguneroko beharretan eta herritarren, hiri ingurunearen eta naturaren arteko elkarbizitza hobetzean arreta jarriz”.
Ikasketei dagokienez, publizitateko argazkilaria, diseinatzaile grafikoa eta arte zuzendaria da. Ibilbide profesional zabala du sormenarekin eta enpresa esparruarekin lotuta. Gainera, urteak daramatza animalien eta ingurumenaren aldeko aktibismo lan handia egiten, eta herritarren ekimenetan eta sentsibilizazio kanpainetan parte hartzen du.
Lehentasunak
Hurrengo legegintzaldirako, PACMAk dituen lehentasunak hauek dira: animaliak babesteko udal sare bat sortzea, auzo guztietan parkeak eta berdeguneak hobetzea, hiri faunaren kudeaketa etikoa, txakurrentzako aisialdirako guneak zabaltzea eta kutsadura murriztuko duten eta bizilagunen ongizatea hobetuko duten mugikortasun alternatiba iraunkorrak sustatzea.
Horrez gain, etxebizitza irisgarriko politikak indartzearen, hiriko natura ondarea babesteko neurriak bultzatzearen eta animalien aurkako tratu txarrik gabeko aisialdiko eta kulturako eredu baterantz aurrera egitearen aldekoak dira.
Goranzko joera
2023ko udal hauteskundeetan, 870 boto eskuratu zituen PACMAk Donostian, 2019ean baino 260 gehiago. “Alderdiak hiriak lorturiko emaitza historikoetako bat izan zen, eta erronka berri honi ilusioz, esperientziaz eta itxaropenez aurre egingo diot”, nabarmendu du Esparzak.

