Donostian asteburua aprobetxatzeko plan proposamenak
Zer plan asteburu honetarako? Gure agendan askotariko kultur eta aisialdi proposamenak aurkituko dituzue, baina, horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian. Era berean, ez ahaztu Herrerako jaiak, Buenavistako jaiak eta Antiguako sanjoanak (lehenengo asteburua) ospatuko dituztela asteburu honetan; jaien gure atal berezian dituzue egitarauak.
Ostiralean (hilak 12), plan berezi bat proposatuko dizuegu: Ion Garin biologoak Brekekekex, ko-ax, ko-ax! soinu instalazioaren entzunaldia gidatuko du, Tabakaleran, 21:00etan. Doan izango da, aurrez izena emanda.
Larunbatean (hilak 13), rock-and-roll zaleentzako gomendioa: laugarrenez, Elvis & Friends kontzertua antolatu dute Dabadaban, 19:30ean, hainbat musikariren parte hartzearekin, Elvis Presley omentzeko. Sarrerak aretoaren webgunean daude salgai.
Igandean (hilak 14), asteburua ixteko, antzerki proposamen bat: Carolina Yuste eta Eneko Sagardoy protagonista dituen Fronteras antzezlana ikustea, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Sarrerak hemen daude salgai.
Bonus track. Astelehenerako plan bat ere gomendatuko dizuegu: Mis lados oscuros Paco Sagarzazu aktoreak idatzitako 27 kontakizunekin osatutako liburuaren aurkezpena, Karolina Sainz de Bikuñak dinamizatuta. Koldo Mitxelena Kulturunearen Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan, 19:00etan, doan.

