Donostiaren eta EHUko Leioako campusaren arteko autobus publikoak ez du eperik
EHUko Gipuzkoako ikasleen kontseiluaren ustez, "motz geratu da" EAJk, PSE-EEk eta PPk Gipuzkoako Batzar Nagusietan onarturiko proposamena.
Leioako campusa. Aspaldiko eskaera da Donostia eta EHUko Leioako campusa (Bizkaia) autobus publiko bidez lotzea. Izan ere, han ikasten duten gipuzkoar askok egunero joan-etorria egiten dute ikasleen elkarteek antolaturiko autobus bidaia pribatuetan. Horren aurrean, EHUko Gipuzkoako campuseko ikasleen kontseiluak hainbatetan eskatu dio Gipuzkoako Aldundiari autobus linea erregular bat jartzeko, Lurraldebus sistemaren baitakoa.
Atzo, autobus linea horren inguruan aritu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAJk, PSE-EEk eta PPk proposamen bat aurkeztu eta haien botoekin onartu zuten. Besteak beste, aldundiari eskatu diote autobus linea erregular hori “modu progresiboan txertatzeko”, eta hori ahalbidetzeko tramiteak “azkartzeko”. Ordea, onarturikoak ez du bat egiten ikasleen kontseiluaren eskaera zehatzarekin. Esaterako, datarik eta eperik aipatzen ez duelako.
Autobus linearen jatorrizko proposamena EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztu zuten, eta biek deitoratu dute ebazpena “hutsaren hurrengoa” dela.

