Hiriko arrapalen eta igogailuen ordutegia zabalduko dute udan
Altzako igogailu bat.Donostiako Udala Donostiako Udalak arrapalen, igogailuen eta hiriko gainerako elementu mekanikoen funtzionamendu ordutegia zabalduko du udan, “mugikortasuna erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izan dadin espazio publikoan jarduera eta jende gehien izaten den hilabeteetan”, udalak azaldu duenez.
Horrela, ekainaren 15etik irailaren 30era, Donostiako, igogailu, arrapala eta elementu mekaniko publikoak 00:00ak arte egongo dira funtzionamenduan, ohi baino ordubetez gehiagoz. Horrez gain, Aste Nagusian, zerbitzu horiek guztiak goizaldeko 01:00ak arte egongo dira erabilgarri, “jaietan joan- etorriak errazteko eta jende gehien ibiltzen den egunetan auzoen arteko lotura hobetzeko”, udalaren hitzetan.
Donostiako mugikortasun bertikala
Guztira, 28 igogailu instalazio, igogailu inklinatuko bi instalazio eta eskailera eta arrapala mekanikoen lau instalazio ditu Donostiak. Mugikortasun bertikaleko elementuak honako hauek dira, auzoz auzo:
- Aiete: Hiru Damatxoko, Matiako, Pinu Bideko eta Pio Barojako igogailuak eta Morlansko igogailu inklinatua.
- Altza: Txirrita Bertsolariaren kaleko, Buenavistako, Harrobietako, Larratxoko, Rutilitako eta San Luis Gonzagako igogailuak, Altza-Larrtaxoko igogailu inklinatua eta Harrobietako eta Larratxoko eskailera mekanikoak.
- Antigua: Zarautz eta Aizkorri kaleetako eta Bentaberriko igogailuak.
- Egia: Alaialde, Aldunaene, Plaza Haundi eta Mundaizko igogailuak.
- Erdialdea: Aquarium, Easo eta Lizarrako igogailuak eta San Rokeko arrapala eta eskailera mekanikoak.
- Gros: Saguesko igogailua.
- Intxaurrondo: Lizardiko arrapala eta eskailera mekanikoak.
- Loiola: Ariztigañako igogailua.
- Bidebieta: Azkuene-Gomistegiko igogailua.

