Bi obra berri San Telmoko 'Museo bikoitzean'
Ostegunetik ikusgai daude Agirre Otaola eta Elgoibarren lanak San Telmo museoan.San Telmo museoa Museo Bikoitza programaren aurtengo lanak ikusgai daude San Telmo museoan. Tractora kooperatibako Usue Arrieta Otaolaren Baltzune eta Ainara Elgoibarren P-003687 dira, eta urtebetez ikusgai egongo dira, museoko dorreoian eta elizan, hurrenez hurren.
Museo Bikoitza Asier Mendizabal artistaren proposamena da eta 2018an abiatu zuten, Ibon Aranberrirekin. Ordutik, Erlea Manerosek, Jose Mari Zabalak, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek, Hinrich Sachsek eta Maddi Barberrek parte hartu dute. Programaren planteamenduari jarraituz, Maddi Barber artistak aukeratu zituen Arrieta Otaola eta Elgoibar, eta hauek lekukoa eman diote hurrengo urterako Ainara LeGardoni.
Urtebeteko lanaren emaitza da aurkeztutakoa. Biek San Telmo museoaren agiritegia eta bildumak aztertzen hasi zuten prozesua eta erakundearen beraren historiaz interesatu ziren. Abiapuntu beretik, bakoitzak ikerketa lan bat garatu du.
Beltzune
Arrieta Otaolaren Beltzune-k museoko bi une historiko ditu ardatz. Jose Miguel Barandiarenek 1960an proposatutako proiektua eta 1917an San Telmo Museoko lehen zuzendaria izan zen Pedro Soraluzek egindako saiakera antropologia hitza euskaraz adierazteko. Bi ardatz horiek kontuan hartuta, Arrieta Otaolak prestatutako soinu instalazioan hitz horiek eta beste hainbat hitz, esaldi eta ahots entzun daitezke magnetofono baten bitartez.
Barandiaranek museo etnografikorako aurkeztutako proiektuan soinuak txertatu nahi zituen erakusketan zehar. Urte batzuk lehenago, 1952-53 urteetan, Alan Lomax estatubatuarrak eta bere lantaldeak euskarazko kantuak, bizitzak, ohiturak eta abar dokumentatu zituen bobina irekiko grabagailu magnetiko baten bitartez. Barandiaranek ziurrekin Lomaxen proiektuaren berri zuen.
1917an, berriz, Pedro Soraluzek museoaren euskal etnografia eta antropologia atala sortzerakoan konturatu zen antropologia hitzak ez zuela euskarazko ordainik. Hori dela eta garaiko hainbat ikerlari, akademiko, idazle eta historialariri eskatu zien antropologia euskaraz esateko zein hitz erabiliko luketen proposatzeko: Gizaizti, gizatzazkunde, euskal gizatitun zatia, gizaerako izkuntza….
P-003687
Elgoibarren lanean ere bildumako bi elementu dira erreferenteak. Lehenik, San Telmo Museoko elizan dagoen pieza eskultoriko bat, hain zuzen ere, bere lanari izena ematen diona (pieza horren inbentario zenbakia da): P-003687. Eskultura hau San Telmoren eraikinaren babesleena da, Gracia de Olazabal eta Alonso de Idiakezena, XVI.mendean eraikina eginarazi zutenen zenotafioa, eta San Telmoko elizaren historiaren eta museoaren arteko elkargunea markatzen duena.
Elgoibarren interesa bi irudiak banatzen dituen ebaketan oinarritzen da. Pitzadura edo hutsune hori, nahiz eta une honetan bi pertsonaiak elkarrekin egon, nabarmena da eta hori da Elgoibarren proposamenaren jatorria: nolabait museoaren, bildumaren eta eraikinaren historiak bat egiten duten arrakala hori. Pitzadura edo hutsune horren molde positibatua sortu du artistak brontze urtuan, eta elizan izango da ikusgai, jatorrian eskultura multzo hau zegoen tokian.
Brontzea da Leon Barrenetxeak euskal herri kirolei eskainitako eskulturetan erabili zuen materiala. Eskultura horiek 1930eko hamarkadan egin ziren, eta urteetan zehar museoko etnografia aretoetan lanabes eta objektuekin batera erakutsi ziren, bai kirol jarduerak bai horiek oinarri dituzten lanbideak irudikatzeko. Elgoibarren proposamenean garrantzia hartzen duen bildumako bigarren elementua Barrenetxearen Idi-proba eskulturaren bi kopiak dira, zeinek artistak planteatzen duenez hargintzako lanbidea ere ilustratzeko balio zezaketen, eliza horren erakusgarri izan zitekeelarik.

