«Guardaplata jubilatu askorentzat bigarren etxea da»
Guardaplata jubilatuen elkarteak 50 urte bete ditu, aurten. Bere izena Guardaplata itsasargiaren omenez du, eta, gaur egun, 800 bazkide ditu. Arturo Gil duela zortzi urte da elkarteko presidente, eta, gutxienez, bi urte gehiago jarraitzeko asmoa du.
Arturo Gil, Bidebietako Guardaplata jubilatuen elkarteko presidentea.Inge Arzensek Sanchez Nola hasi zen Guardaplata elkartearen ibilbidea?
Elkartea 1976ko uztailaren 2an sortu zen. Inaugurazioa Carlos Garaikoetxea lehendakariak egin zuen, Donostiako alkatea Jesus Maria Alkain zenean. Hemen, eraikin honetan, ez dira 50 urte izan, 40 baizik. Izan ere, lehen, eskola publiko batzuk zeuden, barrakoi batzuk, eta eskolak kendu zituztenean, eraikin hau egin zuten. Gaur egun, komunitatearen egoitza gisa geratu da.
Nolakoa zen Bidebieta duela 50 urte?
Auzoa izugarri aldatu da. Duela 50 urte, etxe orratzak zeuden soilik, frankismo garaian eraiki zituztenak. Pixkanaka, dena eraikitzen joan da, ingurua, ia guztia, mendia baitzen. Tiro eremua ere bazegoen, baina hori guztia desagertu da. Auzoa erabat aldatu da, onerako.
Nork bultzatu zuen elkartea?
Adineko pertsona talde batek hasi zuen. Hau da, jende gutxirekin hasi ziren, eta pixkanaka hazten joan da. Gaur egun ia 800 bazkide gara.
Zein esanahi du elkarte honek erretiratuentzat?
Elkarte hau pertsona askorentzat bigarren etxea da. Haientzat, etxean ez geratzeko, kalera ateratzeko eta harremantzeko duten modua da: hemen, jendearekin elkartzen dira, kartetan aritzen dira, jateko zerbait hartzen dute eta abar. Beraz, erretiratuak oso gustura etortzen dira. Gainera, bi terraza eder izateko zortea dugu, eta horregatik ere atseginagoa da kanpoan egotea.
Zein jarduera eskaintzen dituzue?
Hainbat jarduera eskaintzen ditugu: memoria lantzeko jarduerak, yoga, joskintza, dantza, astean hiru bingo egun ditugu, eta gimnasia ere badugu. Bestalde, sukaldaritza eta gozogintza, marrazketa eta pintura ere egiten ditugu. Udalak irakasle guztiak ordaintzen ditu, baina, adibidez, joskintza tailerra, bazkide batek ematen du; zuzendaritzako kidea ere bada, irakasle ohia.
Zein da jendeari gehien gustatzen zaion jarduera?
Bingoa, argi eta garbi. Astean hiru egunetan elkartzen dira hiru orduz jolasteko, eta primeran pasatzen dute. Gainera, intelektualki oso onuragarria da haientzat. Bestalde, gimnasiak eta dantzak ere arrakasta handia dute.
Zein txango eta ekitaldi egingo dituzue?
Normalean, hilabete eta erdiro edo, egun osoko txangoa egiten dugu. Eta orain, adibidez, zazpi egunez joango gara Maresmeko kostaldera (Bartzelona). Eta ondoren, urrian, beste bidaia bat prestatuta dugu Calpera (Alacant) joateko. Urtean bi egiten ditugu, normalean, zazpi egunekoak.
Ekitaldiei dagokienez, hitzaldiak antolatzen ditugu. Adibidez, Ertzaintzarekin hitzaldiak egin izan ditugu, lapurreten inguruan. Mugikorren eta ordenagailuen ikastaroak ere egiten ditugu.
Nola funtzionatzen du zuzendaritza batzordeak?
Erretiratuen elkarteetan garrantzitsuena zuzendaritza batzorde on batez inguratuta egotea da. Ni, pertsonalki, oso harro nago bost pertsona horiez, eta primeran moldatzen gara elkarrekin. Nire ustez, honek ondo funtzionatzen du, hain zuzen ere, zuzendaritzan ere ondo moldatzen garelako.
«Harroen sentiarazten nauena, adineko jendearen maitasuna eta aitortza da»
Aurten 50 urte bete dituzue. Nola ospatu dituzue?
Aurkezpen ofiziala, maiatzaren 30ean egin genuen. Udalaren ordezkari gisa, Gizarte Ekintzako zinegotzia etorri zen, Mariaje Idoeta. Bertan, Sevillako Feria eguna ospatu genuen hirian dagoen talde baten eskutik. Primeran pasatu genuen. Lehenengo aurreskua dantzatu zuten, eta, gero, sevillanen erakustaldi bat prestatu zuten kantariekin eta gitarrekin. Ondoren, bazkaria izan genuen: ia ehun lagunen arteko bazkaria. Azkenik, berriro dantza egin genuen, flamenkoarekin, gaueko bederatziak arte.
Ekainean, urdaiazpiko eta ardo dastaketa egiteko asmoa dugu, baina bai ala bai egingo duguna bazkideentzako bazkaria izango da.
Elkarte honek beste 50 urte iraun ditzake?
Hemen arazo bat dugu, elkarte guztiek dutena: presidente edo zuzendaritza batzorderako hauteskundeak daudenean, inork ez du bere burua aurkezten.
Tamalez, zuzendaritza batzorderik ez badago, egoitza itxi egiten da. Hau, jadanik, hiriko beste egoitzetan pasatu da. Hala ere, uste dut honek beste 50 urte iraungo dituela; gutxienez, saiatuko gara hala izan dadin. Guk egoitzaren zuzendaritza hartu genuenean, 200 bazkidek osatzen zuten elkartea; orain, berriz, 800ek. Beraz, jendeak Guardaplatak funtzionatzen jarraitzea nahi du.
Zerk sentiarazten zaitu harroen urte hauen ondoren?
Harroen sentiarazten nauena jendearen maitasuna eta aitortza da. Hemen adineko jendeak maitasunez tratatzen zaitu. Guk nahi dugulako gaude hemen, hori argi dago. Horregatik, ez digute inolako aitortzarik egin behar, ez dizkigute zertan eskerrak eman, baina, noski, ilusioa egiten dit.
Udalaren aldetik, babes osoa dugu, eta hori da argi utzi nahi dudan beste zerbait. Ez dugu inolako arazorik, alderantziz; eskatu dugun guztia eman digute.


