Eskerrak eman dizkiete Familia Laguna egitasmoko kideei
Ekitaldian parte hartu zutenen talde argazkia. Ongi Etorri Eskolara Ongi etorri eskolara proiektuak ostiralean egin zuen 2025-2026 ikasturtean Familia Laguna programan parte hartu duten familiei bideratutako eskertza ekitaldia, Aquariumean. Bertan izan ziren, aurten parte hartu duten 118 familietako kideak, programaren parte diren zortzi ikastetxetako zuzendaritzako kideak, eta Aniztasun eta Inklusio zinegotzi Arantxa Lopez.
Ekitaldian, familiek ikasturtean egindako borondatezko lana eta programari esker eskoletan sortu dituzten kulturarteko harremanak balioetsi zituzten; baita programan parte hartu duten familiei omenaldia egin ere, diplomak emanda. Ondoren, Aquariuma bisitatu zuten.
Donostiako Udaleko Kultur Aniztasun Sailaren Familia Laguna programak migratutako familiak tokiko familiekin harremanetan jartzen ditu, eskolara egokitzeko prozesuan akonpainamendua eskaintzeko eta Donostiako auzoetan kulturarteko harremanak sustatzeko. Honako ikastetxeetan aurrera eramaten dute: Aitor ikastola, Intxaurrondo ikastola, Zuhaizti eskola, Amara Berri eskola, Arantzazuko Ama ikastola, Orixe ikastola, Maria Reina eskola eta Jakintza ikastola.

