Hiriko hondartzak «benetan» irisgarri egiteko sinadura bilketa abiatu dute
Ondarretako hondartza.Donostiako Udala Sara Carracelas igerilari paralinpiar ohiak sinadura bilketa bat abiatu du Change.org plataforman Donostiako hondartzak irisgarri egin daitezen eskatzeko. Igandetik dago martxan eta oraingoz 84 lagunen babesa jaso du.
Azaldu duenez, Barbaten egindako oporraldi batean jakin zuen hondartza irisgarri bat “benetan” zer den. Egurreko pasaguneak zituen ia itsasertzeraino eta horri esker, “inoren mende egon gabe”, bere scooterrarekin modu autonomoan sar zitekeen uretara. Gainera, bazituen hareara egokitutako makilak eta eskorgak zituen, aulki anfibioak, dutxa eta komun irisgarriak eta uretara sartzeko laguntza.
Horrek guztiak funtsezko zerbait eskaintzen ziola nabarmendu du Carracelasek: “askatasuna”. Nahi duenean itsasora sartu ahal izatea, beste norbaiten mende ez egotea eta beste edozein herritarrek moduan hondartzaz gozatu ahal izatea.
Hala, hemengo egoerarekin alderaketa ere egin du. “Gaur egun, hondartzara joateak mugitzeko konponbide inprobisatuak bilatzea dakar niretzat: scooter-ean bermatu behar dut etzateko edo jaikitzeko, eta, askotan, itsasoan bainatzea bezalako gauza sinple bati uko egin behar diot, lagunduta ez banoa”. Zehaztu du ez duela “kexa” moduan esaten, baizik eta gozatu nahiko lukeen esperientziatik. “Hondartza irisgarri bat ez da luxu bat, autonomia, duintasuna eta eskubide bat da”.

