Kontxako lagundutako bainu zerbitzua abian da
Hondartza denboraldia hastearekin batera, hainbat zerbitzu abiarazi ditu udalak: lagundutako bainu zerbitzua, Santa Klarako sorospen zerbitzua, eguzkitakoen alokairua eta abar.
Donostiako lagundutako bainu zerbitzua.Donostiako Udala Donostiako hondartza denboraldia hastearekin batera, gaurtik aurrera (ekainak 15), abian da Kontxako hondartzan bainu lagundua hartzeko zerbitzua eta irailaren 15era arte egongo da funtzionamenduan, 11:00etatik 19:30era. Zerbitzuak “hiru monitore espezializatu eta material egokitua” izango ditu, hala nola lur orotako aulkiak eta makulu anfibioak, irisgarritasun unibertsala eta mugikortasun urriko pertsonek behar duten laguntza bermatzeko, udalak azaldu duenez.
Udalaren arabera, zerbitzuak “erabiltzaileen inklusioa eta autonomia indartzeko balio duten hobekuntzak gehitu ditu aurten”: “Aldagela kolektiboen irisgarritasuna hobetzea, dutxatzeko eserlekuak eta bermatzeko barrak jarriz, armairu irisgarriak erreserbatuz eta instalazioetako hainbat elementu egokituz, erosotasun eta segurtasun handiagoaz erabili ahal izateko”. Halaber, udalaren asmoa da “egokitzapen horiek pixkanaka hiriko gainerako aldageletara zabaltzea, hautemandako beharren arabera”.
Berrikuntzetako bat, udalak nabarmendu duenez, Kontxako aldagela kolektiboetan dagoen dutxa egokitua doan erabiltzea da. Horretara sartzeko, bainu lagunduaren txartela aurkeztu beharko da, eta txartel horrekin aldagela kolektiboak erabili ahal izango dira, baita ere.
Hondartza denboraldia
Lagundutako bainuaz gain, beste zerbitzu ugari ere abiarazi ditu udalak gaur, hondartza denboraldia hastearekin batera: Santa Klara uharteko sorospen zerbitzua, irailaren 30era arte; salbamendu eta sorospen zerbitzuaren goi denboraldiko ordutegia, irailaren 15era arte (10:00etatik 20:00etara, irailaren 16tik 30era, 10:30etik 19:30era) eta eguzkitakoak alokatzeko zerbitzua.
Azken horri dagokionez, honakoa da eskaintza: 290 olana Kontxan, horietatik zortzi pertsona ezinduentzat egokituta; 424 olana Ondarretan, hamabi plaza egokituekin; 157 eguzkitako eta 82 karpa hareatza honetan bertan; eta 240 toldo Zurriolan, horietatik 8 pertsona ezinduentzat gordeta.

