Zubietako kartzelaren inaugurazioan «humanismoa, integrazioa eta gizarteratzea» nabarmendu ditu lehendakariak
Espetxe berriak plaka batekin gogoratuko ditu 1990etik 1997ra bitartean ETAk hildako Martuteneko hiru langileak.
Imanol Pradales lehendakariaren hitzartzea, Zubietako kartzelan.Irekia Gaur goizean inauguratu dute ofizialki Zubietako kartzela berria. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Fernando Grande-Marlaska Espainiako gobernuko Barne ministroak eta Jon Insausti Donostiako alkateak parte hartu dute, besteak beste.
Pradalesek egin du hitzartze nagusia, eta euskal espetxe politika “uko egin ezin zaien printzipioek” gidatu behar dutela nabarmendu du: “Humanismoak, integrazioak eta gizarteratzeak, baina onkerian erori gabe”. Lehendakariak gizarteari gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzak oso zorrotza izaten jarraituko duela delituak egiten dituztenak jazartzen eta legea ezartzen, baina beharrezkoa dela “gorroto, errebantxa eta estigmatizazio diskurtsoetatik” ihes egitea, “ez baitute laguntzen, esan du, berrerortzea prebenitzen eta gizarte kohesioa bultzatzen”.
Bere hitzaldian, Pradales espetxeko langileei ere zuzendu zaie, eta egiten duten lana eskertu die, batez ere, lan horrek askotan ez duelako izaten merezi duen aitorpen soziala. Bestalde, espetxeko presoei gogoratu die gizarteratzeko bidea eskubideen eta betebeharren gainean eraikitzen dela, eta horrek “exijentzia, erantzukizuna eta konpromisoa” dakartzala.
Bestalde, Martuteneko espetxea ixtea eta Zubietako zabaltzea “eraldaketa etapa berri bat dela” dela adierazi du, batez ere, Donostiarentzat. Horrela, esan du konfiantza osoa duela gobernantza kolaboratzaileak Txomiñenea auzoa garatzen jarraitzeko 400 etxebizitza babestu eraikitzea ahalbidetuko duela.
ETAk hildako hiru langile gogoan
Gipuzkoako Espetxearen inaugurazioaren hasieran, plaka bat jarri dute ETAk 1990etik 1997ra bitartean hil zituen Martuteneko espetxeko hiru funtzionarioren omenez. Plaka Martuteneko espetxetik ekarri dute, eta honako hauek gogorarazten ditu: Angel Jesus Mota Iglesias, Jose Ramon Dominguez Burillo eta Francisco Gomez Elosegui.
Horiek guztiak bereziki gogoratu dituzte beren hitzaldietan. Ekitaldian ETAren biktimen senideak eta gertukoak izan dira, eta lehendakariak, Barne ministroak eta Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak agurtu dituzte.


