Kirola Kalean programak 48 kirol saio eskainiko ditu doan uztailean zehar
Zumba saio bat, kalean.Donostia Kirola Donostia Kirolak Kirola Kalean egitasmoari jarraipena emango dio. Atari zabaleko doako kirol jardueren programa, ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean hiriko hainbat gunetan egingo dute. Egitasmoa hiri inguruneetan eta espazio irekietan kirola egitea sustatzeko helburuaren barruan dago, eta 48 saio eskainiko ditu guztira, herritar guztiei zuzenduak eta langile espezializatuek dinamizatuak.
Programazioak adin eta egoera fisiko ezberdinetara egokitutako proposamenak biltzen ditu: Nordic Walking-eko hamabi saio Antiguan, Alderdi Ederren eta Zurriolan; Circuit Trainingeko zortzi saio Altzan eta Etxadin; GYM Dinamizazioko zortzi saio Bidebietan; Tai Chi-ko zortzi saio Gladys Enean eta Txominen; Kalisteniako zortzi saio Intxaurrondon eta Bentaberrin; eta Parkourreko lau saio Intxaurrondon. Jardueren ordutegiei, kokapenei eta ezaugarriei buruzko informazio guztia Donostia Kirolaren webgunean kontsulta daiteke.
Herritar guztiek parte hartu ahal izango dute, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Interesdunek jarduera bakoitzerako ezarritako toki eta ordutegira jo dezakete zuzenean. Hala ere, Donostia Kirolak gomendatzen du izen-ematea udal kiroldegietan edo haren webgunean formalizatzea, saioak behar bezala egiteko behar diren baliabideen antolaketa errazteko.
Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak adierazi duenez, “Kirola Kalean egitasmoak jarduera fisikoa auzoetara hurbiltzen du, eta hiriko espazio publikoak topaleku, elkarbizitza eta ohitura osasungarri bihurtzen ditu. Edonor kirolean modu erraz, doako eta eskuragarrian sartu ahal izatea nahi dugu”.

