Donostiak eraso sexisten aurkako kanpaina auzoetako jai gehiagotara zabalduko du
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotzia, Bulebarreko arreta gunean.Donostiako Udala Donostiako Udaleko Berdintasun Bulegoak abian jarri du jai giroko eraso sexistak eta sexualak prebenitzeko eta artatzeko urteko kanpaina berria. Ekimen honen helburu nagusia, indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzea, berdintasuna bermatzea eta erasoren bat jasaten dutenei beharrezko laguntza eta baliabideak eskaintzea da.
Kanpainaren barruan hainbat ekimen eramango dira aurrera: gomendioak eta jarduteko jarraibideak dituzten eskuorriak banatuko dira herritarren artean, etxez etxe; informazio eta sentsibilizazio materialak lau hizkuntzatan egongo dira eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez; eta, azkenik, Farapi Kooperatibarekin batera, ostalaritzako profesionalentzako prestakuntza eta hausnarketa prozesu bat egingo dute, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin lankidetzan. Honen bidez, indarkeria egoerak (LGTBIQ+fobia, arrazakeria edo dibertsitate funtzionalagatiko diskriminazioa barne) prebenitzeko gaitasuna indartu nahi du udalak.
Auzoetara hurbilduz
Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak azaldu duenez, aurtengo berrikuntzarik garrantzitsuena kanpaina auzoetako jai txikiagoetara hedatzea da: “Informazio eta arreta guneak erreferentziazko tresna gisa finkatu dira kanpaina honetan […]. Badakigu espazio txikiagoak direla, baina horrexegatik da funtsezkoa herritarrengandik gertu egotea eta prebentzio eta arretarako baliabideak hiriko auzo guztietan jartzea.”
Zinegotziak gogorarazi du, halaber, indarkeria matxisten prebentzioa erantzukizun kolektiboa dela eta herritar guztien inplikazioa ezinbestekoa dela jaiez “aske eta seguru” gozatzeko. Udalak lankidetza estuan dihardu Donostia Festak atalarekin, Jazzaldiarekin, Udaltzaingoarekin eta auzoetako jai-batzordeekin.
Informazio eta arreta guneen egutegia
Hala, puntu hauetan informazioa, sentsibilizazioa eta arreta espezializatua eskainiko da datozen hilabeteotan:
- Antiguako San Joan jaiak: Ekainak 20, 20:00 – 00:00, Mikel Laboa plaza.
- San Joan: Ekainak 23, 20:00 – 00:00, Zurriolako zubiaren ondoan.
- Intxaur Jaiak: Ekainak 26, 22:00 – 02:00, Sagastieder plaza.
- Altzako San Martzial jaiak: Ekainak 27, 20:00 – 00:00, San Martzial plaza.
- Añorgako Karmengo jaiak: Uztailak 11, 20:00 – 00:00, Harrobi plaza.
- Karmengo jaiak: Uztailak 18, 00:00 – 04:00, Bulebarreko kioskoan.
- Zipotz jaiak: Uztailak 18, 20:00 – 00:00, Katalunia plaza.
- Jazzaldia: Uztailak 22, 23, 24 eta 25, 20:00 – 00:00, Zurriolako zubiaren ondoan.
- Amarako jaiak: Uztailak 30, 20:00 – 00:00, Easo plaza.
- Aste Nagusia: Abuztuaren 8tik 15era, 11:00 – 15:00 eta 20:00 – 04:00, Bulebarreko kioskoan.
- Intxaurrondo Zaharreko jaiak: Irailak 12, 20:00 – 00:00, Letaman gaztetxearen ondoan.
- Euskal Jaiak / Estropadetako finala: Irailak 13, 11:00 – 15:00, Bulebarreko kioskoan.
- Porrontxo jaiak: Irailak 18, 19 eta 20, 20:00 – 00:00, Plaza Haundi ondoan.
- Altzako Arriaga Serafinak: Irailak 26, 20:00 – 00:00, Harrobieta plaza.
- Amara Berriko jaiak: Urriak 9, 20:00 – 00:00 (tokia, zehazteke).
- Martuteneko jaiak: Urriak 10, 20:00 – 00:00 (tokia, zehazteke).
- San Tomas: Abenduak 21, 11:00 – 15:00, Bulebarreko kioskoan.

