Espainiako Gobernuak estatuaren biktima gisa aitortu ditu Gladys del Estal eta Iñaki Kijera, besteak beste
Espainiako Gobernuak estatuaren 63 biktima ofizialki aitortu ditu; horietatik, 31 euskal herritarrak dira eta tartean daude hainbat donostiar: Tomas Alba, Gladys del Estal, Iñaki Kijera eta Maria Jose Bravo del Valle.
Gladys del Estal militante ekologistaren omenezko ekitaldi bateko artxiboko irudia.Sara Ibarguren Espainiako Gobernuak estatuaren 63 biktima ofizialki aitortu ditu; horietatik, 31 euskal herritarrak dira eta tartean daude hainbat donostiar. 2022ko Memoria Demokratikorako Legearen onarpenaren testuinguruan, Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk adostu zuten batzorde bat sortzea, 1979ko abenduaren 29tik —egun horretan onartu zen behin betiko Espainiako Konstituzioa— 1983ko abenduaren 31ra arte estatuak egindako giza eskubideen urraketa larriak ikertzeko. Batzorde egindako horrek egindako lanaren emaitza da 63 biktimak aitortzen dituen txostena.
Nagusiki, eskuin muturreko talde parapolizialen eskuetan hildakoak eta estatuaren segurtasun indar ofizialen eskuetan hildakoak dira aitortu dituzten biktimak. 63 horien artean, lau donostiar daude: Tomas Alba, Gladys del Estal, Iñaki Kijera eta Maria Jose Bravo del Valle.
Kasuz kasu
Tomas Alba Herri Batasuna ezker abertzaleko alderdiko zinegotzia Donostian, eta Batallon Vasco Español (BVE) talde ultraeskuindar eta parapolizialak hil zuen, 1979ko irailaren 28an. Astigarragakoa zen berez, baina Astigarraga Donostiaren parte zen orduan eta, hain zuzen ere, desanexioa defendatzera sartu zen Donostiako Udalera. Aipaturiko egunean, Astigarragako Kako sagardotegitik ateratzean hil zuten, bere autoa hartzera zihoala, bi pertsona hurbildu zitzaizkion eta hil egin zuten. Ignacio Iturbide Piti eta Ladislao Zabala zigortu zituzten hilketa horren eta beste batzuen harira, eta hamar urte inguru pasatu zituzten espetxean, 231 urteko zigorra ezarri bazieten ere. Saguesko plazak Tomas Albaren izena darama eta udaletxean haren omenezko plaka bat dago.
Gladys del Estal Venezuelan jaioa zen, baina Egian bizi zen, baita militatu ere. Ekologista eta antinuklearra zen, eta Tuterako (Nafarroa) manifestazio ekologista batean tiroz hil zuen Guardia Zibilak, 1979ko ekainaren 3an. Ordutik, herritar ugarik Gladys Enea deitzen diote ofizialki Kristinaenea deitzen den Egiako parkeari eta, hain zuzen ere, Del Estal bertan omentzen dute urtero, haren omenez parkearen goialdean dagoen monolitoan. Era berean, bere izena darama Urumea ibaiaren aldetik parkera heltzen den pasarela batek.
Iñaki Kijerari dagokionez, antiguatarra zen eta Espainiako Poliziak 1979ko irailaren 1ean hil zuen, tiroz. Preso politikoen aldeko manifestazio batean parte hartzen ari zen Kijera, beste ehunka herritarrekin batera. Liskarrak hasi ziren eta polizia batek oso distantzia gutxira tiro egin zion. Hamabost minutu inguru igaro zituen Kijerak lurrean botata, eta Poliziak harengana hurbiltzen saiatzen zen pertsona orori kolpeka eta pilotakadaz eragotzi zien gerturatzea, baita Gurutze Gorriari ere. Azkenean, lagunek Kijera auto batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten, baina ospitalera iritsi ondoren hil zen. Miramar jauregiko lorategietan haren omenezko monolito bat dago, eta Parte Zaharreko gazteek bere izena jarri zioten Kanpandegi kalean egon zen gaztetxeari.
Azkenik, Maria Jose Bravo del Valle BVEk bortxatu eta hil zuen, 1980ko maiatzaren 7an. Loiolatarra zen eta 16 urte zituen hil zutenean. Javier Rueda bikotekidearekin Zorroaga pasealekuan zegoela, BVEko hainbat kidek eraso egin zieten, Bravo bertan bortxatu eta hil zuten eta Rueda handik urte batzuetara hil zen, erasoak utzitako kalteen ondorioz. Gertakaria ez zuten inoiz ikertu, eta ez du inork ordaindu. Bravoren omenezko plaka ofizial bat dago Loiolan.
Nabarmentzekoa da, donostiarretatik harago, Euskal Herrian oihartzun handia izan zuten beste hainbat biktima ere aitortu dituztela, hala nola Yolanda Gonzalez bilbotarra, Almeria kasukoa eta Aldana tabernako atentatukoak.
ETAkiderik ez
Batzorde hori, testuinguru berean sortu behar zituzten beste birekin batera —ijito herriak pairatutako errepresioaren ingurukoa eta 36ko gerraren eta frankismoaren biktimei emandako kalte ordainak aztertzekoa—, atzerapen handiarekin eratu zuten. Nabarmentzekoa da, bestalde, txostenean ez dutela kontuan hartu estatuko indarrek edo talde parapolizialek —GALek edo BVEk, esaterako— hildako ETAko kiderik. Horrela, besteak beste, Joxean Lasa eta Joxi Zabala aitortzatik at gelditu dira, GALek 1983an bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi bazituen ere, Felipe Gonzalezen (PSOE) gobernupean.
Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluaren aginduari jarraituz, “eredugarritzat” jo dituzten biktimetara mugatu du bere lana ikerketa batzordeak, eta zerrendatik kanpo utzi dituzte “erakunde terroristetan zeuden eta indarkeriaren bitartez ordena konstituzionala asaldatzeko ekintzetan parte hartzen zuten” herritarrak, ebazpen judizialik gabe hil bazituzten ere.
Batzordea historia eta zuzenbide arloetako hamabi adituk osatu dute, baita Espainiako Memoria Demokratikorako estatu idazkaritzako goi kargudunek ere. Zerrenda osatzeaz gain, erakunde publikoei eskatu diete 63 biktima horiei “aitortza instituzional, moral eta sinbolikoa” egiteko. Era berean, kontuan izanik biktima horietako askok ez dutela izan justiziarik, batzordeak adierazi du “egia judiziala” lortzeko mekanismoak abiaraztea beharrezkoa dela.

