Metroaren igarobideak %50eko gainkostua izango duela aurreikusi du Garcia Chuecak
Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, Jon Insausti Donostiako alkatea, Miguel Angel Paez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea eta Antonio Lopez ETSko zuzendari nagusia Donostiako Metroaren lanetan egon dira gaur.Irekia Donostiako Metroko lanen gainkostuak hazten jarraitzen du. Iazko martxoan, inbertsioa 214 milioi eurora heldu bazen, hau da, %18ko gainkostua bazuten lanek; aurtengo apirilaren 30eko datuen arabera, ehuneko hori hazi egin da %39ra arte, 252,3 milioira. Hala azaldu zuen Mugikortasun Jasangarriko sailburu Susana Garcia Chuecak atzo EH Bilduko parlamentari Amarcay Villalbaren informazio eskaerari erantzunez. Gainera, 2027an, faktura guztiak ordaintzean, guztizko kostua 280 milioira heltzea espero dute, %50ean gaindituz aurrekontua. Lanen 2026ko aurrekontua 28,2 milioi eurokoa da eta 2027koa 9,7 milioikoa.
Abenduan zerbitzua ematen hasiko den igarobidearen lanei 2017an ekin zietenean, finkatutako gastua 181,5 milioi eurokoa izan zen. Urteotan izandako gorabeherek, garestitu dute azpiegituraren eraikitzea. Arrazoi nagusietako bat Mirakontxako-Easo tartean izandako ezustekoak dira, obra zibileko bi kontratu bertan behera uzteagatik kalte ordainak ordaindu eta kontratu berriak egin behar izan zirelako, besteak beste. Halaber, ugaritz-Kontxa tartearen enpresa esleipendunari (UTE) 1,5 milioi ordaindu zitzaizkion, eta Kontxa-Morlans tartekoari beste 1,5 milioi. Mirakontxa-Easo tartea da igarobideko zati garestiena, 139 milioi euro, Lugaritz-Mirakontxak, berriz, 47,4 milioko kostua izan zuen.

