Txirrita Mendi Lasterketaren ordutegia aurreratu dute, tenperatura altuengatik
2023ko Txirrita mendi lasterketako hainbat parte hartzaile.Maddalen Odriozola Igande honetan, hilak 21, egingo dute Txirrita Mendi Lasterketa, Altzan. Astebururako iragarrita dagoen beroaldi handia dela eta, antolatzaileek egitarau osoa aurreratzea erabaki dute.
Beroari aurre egiteko neurri gisa, igande goizeko hitzordu guztiak uste baino lehenago hasiko dira; hala, 7:00etan ekingo diote egunari, dortsal banaketarekin, eta 8:30ean irtengo dira korrikalariak, San Martzial plazatik. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, lehen korrikalariak 9:45 aldera hasiko dira helmugara iristen.
Bertsolariak eta giro ederra
Lasterketa amaitu ostean ere, ez da girorik faltako. 11:30ean egingo dute sari banaketa, eta aurtengoan gonbidatu bereziak izango dituzte: Nerea Elustondo eta Aitor Mendiluze bertsolariek kantatuko dute, ekitaldia girotzeko.
Goizari amaiera borobila emateko, azkenik, 12:00etan, pintxoak egongo dira bertaratzen diren guztientzat, indarrak berreskuratzeko.
IRUTXULOKO HITZAk urtero babesten du Txirrita Mendi Lasterketa, eta komunitatea sendotzeko eta auzoa zaintzeko elkarlanean dihardu, materiala eta edukia eskainiz.

