80 urteotako esentzia mantenduta eta gaztetuta datoz Oletako sanjoanak
Altzako auzune txiki bat da Oleta, baina «auzo izaera handikoa», Oletako sanjoanetako jai batzordeko kide Nora Lopezen esanetan. Horregatik, Oletakoak desiratzen daude txupinazoa bota, eta jai giroan murgiltzeko.
Oletako jai batzordeko kideak, beste hainbat auzotarrekin batera, iazko jaietan. Oletako jaiak Zortzi hamarkada, 80 urte. Horixe da Oletako San Joan jaiek aurten ospatuko duten urteurrena, jai batzordeko kide Nora Lopezek nabarmendu duenez. 80 urtez jai batzuk antolatzeak esan nahi du auzotar askok urteak eta urteak pasatu dituztela jaiak buru-belarri antolatzen eta, hain zuzen ere, belaunaldi erreleboa bermatuta dute Oletan: «Hau izan da lehenengo urtea auzoko gazteok jaiak antolatzeko ardura serio hartu duguna, eta balio izan digu konturatzeko gure gurasoek eta aitona-amonek egindako lana ikaragarria izan dela», dio Lopezek. Egitaraua hemen daukazue osorik.
«Lan ikaragarria» izanik ere, Oletako gazteak «ilusioz» daudela nabarmendu du jai batzordeko kideak, Oleta «familia baten modukoa» delako: «Berez, Oleta ez da auzo bat ere, kale bat da, baina gutxi bagara ere, pertenentzia sentimendu handia dugu denok, erabateko auzo izaera dago hemen. Familia baten modukoa da Oleta». «Belaunaldiz belaunaldi pasatu dira jai hauek», gaineratu du.
«Esentzia» mantendu dute
Jai batzordea zeharo gaztetu da, baina Oletako jaien «esentzia» mantendu dute Lopezek azaldu duenez: «San Joan sua, sardina jana, pala txapelketa… hori dira Oletako jaiak, nahiz eta parranda pixka bat ere egiten dugun, noski!».
«Berez, Oleta ez da auzo bat ere, kale bat da, baina gutxi bagara ere, pertenentzia sentimendu handia dugu denok»
Horrela, gaur arratsaldean bertan lehertuko da festa Oletan, txupinazoarekin eta jarraian auzoan barrena egingo duten martxarekin, «auzo guztia jai giroan murgiltzeko». Haurrentzako jolasak ere izango dituzte eta denek elkarrekin afalduko dute, noski, eta Javi DJ-ak girotuko du gaua: «Nagusiki, auzokoentzat izango da, ostiralean ez baita kanpoko jende asko etortzen, gehiago etortzen dira larunbatean».
Larunbatean, bestalde, denetik edukiko dute: paella jate arrakastatsua, mus lehiaketa, arratsaldeko poteoa edo tardeoa berritasun nagusi gisa —«gurasoentzat bereziki», Lopezen hitzetan—, sardina jana eta festa tematikoa, bestek beste. Hain zuzen ere, txikiak zirenean heldutan izan nahi zuten horretaz mozorrotuko dira auzotarrak, «umoretik», jai batzordekoak nabarmendu duenez.
Gaua ederki luzatuko du batek baino gehiagok, ziur, baina indarrak gorde beharko dituzte igandeko Olinpiar Joko arrakastatsuentzako eta, bereziki, astearteko San Joan surako, horrekin borobilduko baitituzte jaiak.
Horretaz guztiaz gozatu nahi izanez gero, Oletara joatea baino ez dago, eta Lopezek argi dauka: «Etortzen den orok errepikatzen du, herri txiki baten modukoa delako hau».

