Su ugari urteko gaurik motzena argitzeko
Urteko gaurik motzena argituko duten sanjoan bezperako su eta ikuskizunak honako auzoetan gozatu ahalko dira, hilaren 23an.
San Joan bezperako sua Saguesen. Beñat Parra San Joan bezpera ospatzeko eta udari ongietorria emateko prest dago Donostia. Asteartean udako solstizio izango da, eta ohi bezala, tradizioz eta sinbolismoz beteriko gau horretarako bai udalak baita hainbat auzo eta kultur elkartek ere ekitaldiak aurrera eramango dituzte hiriko hemezortzi txokotan.
Urteko gaurik motzena argituko duten sanjoan bezperako su eta ikuskizunak honako auzoetan gozatu ahalko dira: Aiete, Amara, Amara Berri, Antigua, Bidebieta, Egia, Herrera, Igeldo, Intxaurrondo, Intxaurrondo Zaharra, Larratxo, Loiola, Martutene, Oleta, Sagues, San Roke eta Parte Zaharra.

Agintariek Plaza Berriaren erdian jarriko duten lizarraren San Joan zuhaitzaren erritua gauzatuko dute, 20:00etan hasita. Lehenik, esku dantza dantzatuko dute Udaleko Txistulari taldea, Goizalde dantza taldea eta Arkaitz, Eskola, Gero Axular eta Trebeska taldeetako bikoteekin batera; eta, ondoren, San Joaneko lizarrari erritua egiteko unea iritsiko da. Agintariek lizarra ureztatuko dute eta, jarraian, dantzariek su emango diote. Behin sua piztuta, dantzariek eta udal agintariek fandangoa eta arin arina dantzatuko dute. Amaitzeko, kalejira egingo dute plazan barrena. Kalejira amaitu ostean, sua itzaliko dute eta lizarraren azala banatuko dute, Udal Txistulari Taldeak erromeria egiten duen bitartean.

