Neurri bereziak iragarri ditu udalak San Joan bezperarako
Finka pribatuetan suak egitea debekatu dute eta su publikoetan segurtasun neurriak indartuko dituzte.
San Joan bezperako sua Saguesen. Beñat Parra Donostiako Udalak hainbat neurri hartu ditu biharko, San Joan bezperarako, muturreko tenperaturen alerta meteorologiko eta baso sutearen arrisku abisuaren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larrialdi fasearen deklarazioaren eta Udal Larrialdi Planaren larrialdi fasearen aktibazioaren aurrean.
Finka pribatuetan San Joan suak eta erreketak debekatu dituzte, eta Udaltzaingoak debekuak zaintzeko eta kontrolatzeko lanak indartuko ditu. Gainera, hiri eremuan soilik egin ahalko diren su publikoen segurtasun neurriak indartuko dituzte —suhiltzaileen udal zerbitzuak aldez aurretik ikuskatuko ditu su publikoak—. Bestalde, Donostiako Udaleko Babes Zibilak informazio alertak bidaliko ditu SMS bidez eta posta elektronikoz, harpidetza bidezko alerta-zerbitzuaren bidez.
Udalak tenperatura altuetarako beste gomendio batzuk ere eman ditu; aire zabaleko berotik babestea, etxea fresko mantentzea, deshidratazioa saihestea eta pertsona zaurgarrienak zaintzea.

