Kantuan omendu dute Joxean Urbieta
Xirula Mirula musika eskolako arduradunak erretiroa hartuko du, eta urteotan guztiotan egindakoa aitortu nahian, omenaldi xumea egin zioten ostegunean zenbait egungo ikaslek, ikasle ohik, gurasok eta lagunek.
Ikasle, ikasle ohi, guraso eta lagun ugari bildu ziren atzo Joxean Urbietari eskerrak emateko. Maitane Aldanondo Amara Berriko Xirula Mirua musika eskolak ateak itxiko ditu 42 urteko ibilbidearen ondoren. Izan ere, martxan jarri zuen Imanol Urbietaren seme Joxeanek erretiroa hartuko du. Musika irakasteaz ez ezik, euskaraz egiteko toki bat ere izan da eta auzoan eusk kulturaren alde egindako lana eskertzeko, egungo ikasleek, ikasle ohiek, gurasoek eta lagunek ezusteko omenalditxoa egin zioten ostegun iluntzean. Azken eskola amaitu eta ikasleak agurtzeko atera zenean, dozenaka lagun zain zituen ondoko plazatxoan.
Erik semearen lagunek eta Xirula Mirulako haurrek dantzatu zioten Agurra, eta musikariek lagunduta, bere aitak sortutako Bizitza kantu bat da, Behin betik eta Txoria nintzela kantak abestu zizkioten, berari espresuki sortutako pare bat ere, eta opari, oroigarri batzuk eman zizkioten. Hunkituta jaso zituen denak, baita besarkada eta muxu pila ere.
Ez zuen hitzik egin nahi izan, eskerrak eman soilik, ezta askotan askok eskatuta ere, txisterik (txar) kontatu. Zahatoari trago bat egin zion, “gure santua”, esan ondoren, eta ohartarazpen bat ere. “Ez naiz gauza hauen zale, baina onartu egin behar dira. Gauza hauen zale, bai alde. Beraz hurrena jubilatzen denak, ederra dauka!”. “Mila esker! Badakizue non gauden, zeozer behar baduzue, etorri”. “Txispun eta etxera” esanez, agurtu zituen bertaratutakoak, baina une hori amaiera izatetik urruti zegoen, opari, marrazki, muxu eta besarkada eman nahi zioten haurrek eta helduek inguratu baitzuten. “Ez al duzue etxera joan behar?” galdetu bazien ere, denei kasu egiteko tartea hartu zuen Urbietak.

