Sanjoanak, «Intxaurrondoko euskal giroari eusteko»
2023ko Intxaurrondoko sanjoanak.Sara Ibarguren Egun bakarreko egitarauarekin, baina ederki ospatzen dituzte San Joan jaiak Ipar Intxaurrondon, Bernart Etxepare plaza jai gune gisa hartuta. Urteroko legez, San Joan bezperan bertan ospatuko dituzte jaiak, hilaren 23an. Hemen daukazue egitarau osoa.
Arratsaldean hasiko da jai giroa eta afaldu ostean piztuko dute sua. Hain zuzen ere, sua eta haren inguruko dantzaldia izaten da jende gehien elkartzen duen jarduera, jai batzordeko kide Leire Gallastegiren hitzetan: «Auzoko dantzariek asteak pasatzen dituzte euskal dantzak prestatzen eta auzotar dezente etortzen dira ikustera».
Horrela, jaietako kartela da aurtengo berritasuna, Gallastegiren arabera: «Lauaizeta ikastetxeko DBHko laugarren mailakoen artean kartel lehiaketa egin dugu, beraz, beraiena da aurtengo kartela».
Intxaurrondotarrak jaietan parte hartzera deitu ditu Gallastegik, baita antolaketan ere: «Boluntario kuadrilla zabal bat behar izaten dugu eta lanak merezi du, beraz, ea hurrengo urtean gehiago garen antolaketan!».

