Ttonttorro, zerura igotzeko prest; badatoz Igeldoko sanpedroak
Bihar piztuko da jai giroaren txinparta Igeldon, nahiz eta, ofizialki, hilaren 26an hasiko diren festak. Ttonttorro jai batzordearen kudeaketari eta herritarren auzolanari esker, egitarau oparoa ondu dute. Leire Barroso batzordeko kideak eman ditu xehetasun guztiak.
Ttonttorroren igoera, 2023an.Beñat Parra Uda ate joka dugu, eta berarekin batera, Igeldoko kaleak ilusioz eta musikaz janzteko prest daude: bihar lehertuko da festaren txinparta San Pedro jaiekin.
Festen atariko gisa, aurtengo krosa larunbat goizera ekarri dute. Helduen oinkadek irekiko dute bidea, eta, sariak banatu ostean, haurren txanda izango da. Herriko txikienen lasterketa izaten da jarduerarik jendetsuenetariko bat, Leire Barroso Ttonttorro jai batzordeko kideak azaldu duenez.
San Joan bezperak, berriz, kutsu magikoagoa izango du. Arratsaldeak aurrera egin ahala, txaranga edo txaparroi zaratatsuaren prestaketak eta fajita jate goxo batek berotuko dituzte gorputzak, eta, gaueko iluntasunean, etxez etxeko kantuak eta bertsolarien ahotsak entzungo dira, txoko guztietan.
Energia berrien eztanda
Festen benetako taupada, ordea, hilaren 26eko 20:00etan hasiko da. Ordu horretan igoko da zerura Txonttorro, herriko astotxo maitea. Aurtengo txupinazoa, gainera, esangura handikoa izango da: izan ere, IKE (Igeldoko Kontsumo Ekologikoa) kooperatibak piztuko du metxa. Hala, une hori baliatuko dute herritarrei mezu eta hitzalditxo bat helarazteko.
Denboran izoztutako tradizioak
Itsasoko brisak jarduerak dantzarazten ditu, baina egitarauan bada «mugiezina» den egun bat: San Pedro eguna. Goizeko meza eta ondorengo hamaiketakoa, herri kirolen izerdia, toka eta bolo lehiaketen zehaztasuna, eta pilota partiden oihartzuna frontoian. Betikoak, betikoentzat izaten jarraitzen du.
Urteetan zehar tradizio sendoa izan den idi dema, ordea, airean dago aurten; izan ere, abereen artean dabilen dermatosi nodular gaixotasunaren itzalak Eusko Jaurlaritzaren baimenaren zain utzi ditu igeldotarrak.
Betikoa eta berria
Igeldoko festek jendearentzat iman berezia dute, eta ekitaldi batzuek izugarrizko arrakasta dute: euskal dantza emanaldia izaten da horietako bat: «Frontoia txiki geratu izan da», adierazi du Barrosok. Herri bazkariek eta berbenek ere pilatzen dute jendea, eta santaixabeletako gauerdiko aurreskua ere une berezia izaten da.
Plater fuertea, aldiz, musikaren arloan izango da: aurten poltsikoak pixka bat poztu direnez, Zopilotes Txirriaos taldeak joko du, Barrosoren hitzetan «garai batean pentsaezina zena» errealitate bihurtuz.
Auzolanean, hobeto
Jaien kudeaketaren pisurik handiena Ttonttorro jai batzordeko hiru lagunen sorbaldetan erortzen da, baina herritarren laguntza ezinbestekoa zaie. Hala, festen aurreko astean, herritarrak plaza txukundu, barra muntatu eta herria apaintzeko bildu dira.
Erronkarik handiena 16 eta 20 urte bitarteko gazteen arreta mantentzea izan ohi bada ere, aurten, batzordeak lortu du asmatzea: «Aurtengo kontzertuen eskaintzarekin oso pozik daudela esan digute», adierazi du Barrosok. Igeldok, beraz, besoak zabalik eta plaza prest ditu egun hauetaz gozatzeko.
Hemen duzue egitarau osoa.

