Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Donostiako Udalak ezin duela C1 euskara maila eskatu lan eskaintza batean
Euskararen kontrako epaien elkarretaratze bat, Alderdi Ederren.Joseba Parron San Sebastian Euskara eskakizunen aurkako beste epai baten berri eman du Berria egunkariak: Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Donostiako Udalak ezin duela C1 euskara maila eskatu erdi mailako teknikari izateko 40 postuko lan eskaintza publiko batean. Horrela, auzitegi horrek atzera bota du udalak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2025eko ebazpenaren aurka jarritako helegitea.
Atzeragotik dator auzia, ordea, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegiak atzera bota baitzuen 2024an pertsona batek lan deialdi horri jarritako helegitea. Pertsona hori, aldiz, ez zen aurkeztu ere egin deialdi hartara —haren arabera, ez zuelako C1 maila egiaztatuta—. Epaiaren aurka egin zuen pertsona horrek, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion 2025ean.
Horren aurrean, helegitea aurkeztu zuen Donostiako Udalak, eta hori da Espainiako Auzitegi Gorenak orain atzera bota duena. Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren testuinguruan kokatu beharreko epaia da.

