Ñoñostiarrak garaile Herredena giza proban, bigarrenez jarraian
Jende andana bildu den Ederrena kalean, Herrerako jaietako giza proba ikusteko.Aitor Erkizia Tradizio bihurtu dute dagoeneko Herrerako jaietan Ederrena kaleko Herredena giza proba txapelketa. Hain zuzen ere, auzotar ugari bildu ziren ostiral arratsaldean kale aldapatsu horretan, jai giroan giza probaz gozatzeko. Iaz gertatu zen moduan, Ñoñostiarrak talde izan zen azkarrena aldapa igotzen.
Bost talde lehiatu ziren, Herrerako bi, Donostiako bi eta Lezoko bat: Alde Zaharra (Donostia), Emaion! (Lezo), Mujikatarrak (Herrera), Ñoñostiarrak (Donostia) eta Aaatraxtarrak (Herrera). Aurten, gainera, talde bakoitzeko kideen pisuaren araberako gainkarga jarri zuten 520 kiloko harrian eta hamar segundoko hiru atseden egiteko derrigortasuna ezarri zuten, lehia ahalik eta justuena izan zedin.
Horrela, honako denbora hauek egin zituzten: Aaatraxtarrak taldeak 2:31 minutu behar izan zituen aldapa osoa igotzeko, Mujikatarrak taldeak 2:06, Alde Zaharra taldeak 2:03, Emaion! taldeak 2:37 eta Ñoñostiarrak taldeak 1:55. Beraz, iazko txapeldunak, Ñoñostiarrak, izan dira aurtengo txapeldunak ere; lehenengo urtean, Aaatraxtarrak etxeko taldeak irabazi zuen.
Jarraian, Aitor Erkizia argazkilariak egindako irudi bilduma ikus dezakezue:

