Kalean Urban Festak laugarrenez hartuko du Donostia
Kalean Urban Fest jaialdiaren aurkezpena, Tabakaleran.Gipuzkoa Basket Fundazioa Ekainaren 26an, 27an eta 28an egingo dute laugarren Kalean Urban Fest jaialdia. Gaur goizean aurkeztu dute Tabakaleran, eta Donostia kirolez, kaleko kulturaz eta aire zabaleko jarduerez beteko dutela nabarmendu dute.
Gipuzkoa Basket Fundazioak bultzatuta, hainbat erakunde eta entitateren lankidetzarekin, jaialdiak hazten jarraitzen du, adin guztientzako “espazio ireki, inklusibo eta pentsatua” izateko. “Kirola, kultura eta jasangarritasuna hiriaren bihotzean daude”, adierazi dute.
Aurtengo jaialdiaren epizentroak Tabakalera eta Blas de Otero plaza izango dira. Han, 3×3 saskibaloi txapelketa, skate erakustaldiak eta jarduerak, eskalada, mahai-tenisa, pickleball-a, musika emanaldiak eta publiko orori zuzendutako kultur eta kirol proposamenak izango dira.
“Kalean Urban Fest kirola kalera ateratzeko eta herritarrentzako topaguneak sortzeko asmoz sortu zen. Lau edizio geroago hazten jarraitzen dugu, baina esentzia berari eutsiz: jaialdi irekia, inklusiboa eta edonork parte hartzeko eta gozatzeko pentsatua”, esan du Josean Ibirikuk, Gipuzkoa Basket Fundazioaren izenean.
Bestalde, Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek kultura, kirola eta herritarren artean partekatutako espazioak sortzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du: “Tabakalera topaketarako, sorkuntzarako eta bizikidetzarako lekua da. Kalean Urban Fest guztiz bat dator filosofia horrekin, eta gure espazioak adierazpen eta parte-hartze modu berrietara zabaltzeko aukera ematen digu”.
Azkenik, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kirol zinegotziak jaialdiak herritarrei jarduera fisikoa hurbiltzeko duen gaitasuna azpimarratu du: “Kalean Urban Fest adibide bat da kirolak espazio publikoak modu positiboan okupa ditzakeela, ohitura osasungarriak sustatuz eta komunitatea sortuz”.

