Ur kirolak eta ingurumen hezkuntza, egoera zaurgarrian dauden 41 adingaberen gizarteratzea bultzatzeko
Gizarte zaurgarritasun egoeran dauden 41 haur eta nerabek ur kirolak, ingurumen hezkuntza eta gizarteratzea uztartuko dituzte.Surfrider Gizarte zaurgarritasun egoeran dauden 7 eta 17 urte bitarteko 41 haur eta nerabek ur kirolak, ingurumen hezkuntza eta gizarteratzea uztartuko dituzte ekainaren 24tik uztailaren 2ra bitartean, Donostian, Surfrider Españak bultzatutako programaren lehen edizioan. Izan ere, helburu horrekin jarri da martxan Aventura Azul proiektua.
Proiektuak Kutxa Fundazioaren finantzaketa du, bai eta Europar Batasuneko Erasmus+ programaren babesa ere, GenerAction proiektuaren bidez.
Kirola eta ingurumen sentsibilizazioa, eskutik
Parte-hartzaileek surfa, kayaka eta paddle surfa egiteko aukera izango dute Donostiako hondartzetan. Hala ere, ekimenak kirol hutsetik harago joan nahi du, elkarbizitza eta ingurumenaren zaintza ere ardatz baitira. Egitaraua honela egituratu dute:
- Ekainak 24: Ongietorria eta ingurumen sentsibilizazioko jardunaldia, Ondarretako hondartzan. Aurkezpen dinamikak egingo dituzte eta, kirol saioekin hasi aurretik, hondakinak bilduko dituzte.
- Ekainak 24, 25 eta 26: Paddle surfeko saioak.
- Ekainak 29, 30 eta uztailak 1: Kayak jarduerak.
- Uztailak 1: Surf programaren hasiera, Saguesen. Kostaldeko ingurunean hondakinak biltzeko ekintza bat egin ostean, parte-hartzaileek lehen saioa egingo dute Groseko klubarekin batera.
Programa uztailaren 2an amaituko da, parte-hartzaile guztiak bilduko dituen jardunaldi bateratu batekin. Egun horretan, jarduera ludikoez gain, hainbat hezkuntza dinamika garatuko dituzte bizitako esperientziak partekatzeko, jasotako ikaskuntzak indartzeko eta itsas ingurunea babesteko konpromisoa sustatzeko.

