Urgulleko kilometro bertikala osatu dute
Urgulleko kilometro bertikaleko parte hartzaile bat.Aratz Garcia Zaldua Ollagorra elkarteak antolatuta, Urgulleko igoera bertikala egin zuten igande goizean korrikalari ugarik. Bero sapari aurre egin behar izan bazioten ere, giro ederrean egin zuten lasterketa 27 parte hartzaileek. Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira probaren bigarren aldi honekin: “Horrelako ekimenek aukera ematen dute Urgulleko kirol tradizioa berreskuratzeko, Parte Zaharra dinamizatzeko eta Ollagorrako jarduera herritarrei ezagutarazteko”.
Elkarteko eskaileretatik Jesusen Bihotza eskulturarainoko kilometroan, 130 metroko desnibela gainditu behar izan zuten parte hartzaileek: “Eguraldi ona lagun izan genuen goiz osoan zehar, eta kirol esfortzuak, giro onak eta parte hartzaileen gogobetetasun orokorrak markatutako probaz gozatzeko aukera izan genuen”, nabarmendu du Ollagorrak.
Horrela, gizonezkoen sailkapenean, Mattin Odriozola Ibarguren nagusitu zen, 4 minutu eta 6 segundoko denborarekin. Xabier Ondaro Ezkurra bigarren izan zen, 4 minutu eta 16 segundorekin eta Jokin Bellido Lealek osatu zuen podiuma, 4 minutu eta 28 segundorekin. Emakumezkoetan, bestalde, Leire Etxezurieta Zabaletak lortu zuen garaipena, 5 minutu eta 51 segundoko denborarekin. Bigarren postua Lierni Txintxurreta Salaberriarentzat izan zen, 5 minutu eta 58 segundorekin, eta hirugarrena Itxaso Sanchez Lopezentzat, 6 minutu eta 29 segundoko denborarekin. “Probako bi errekor berri utzi zituen, gizonezkoen eta emakumezkoen mailako irabazleak aurreko markak hobetu baitzituzten”, nabarmendu du elkarteak.
Horrez gain, Ollagorra elkarteko ordezkarien artean, gizonezkoetan, Alvaro Miranda Bauzan izan zen irabazlea, eta, emakumezkoetan, Itxaso Sanchez Lopez, podiumeko hirugarren postura igo zena.
Jarraian, Aratz Garcia Zaldua argazkilariak egindako irudi bilduma ikus dezakezue:

