Zurezko sei pasabideren segurtasuna indartu du udalak
Artxipiko pasabidea.Donostiako Udala Udalaren Mantentze eta Hiri Zerbitzuetako sailak hiriko sei pasabideren segurtasuna indartzeko jarduketak egin ditu azken asteetan. Zehazki, 500 bat metro koadrotan jardun dute hiriko zurezko sei pasabidetan: Larratxoko parkeko bi pasabidetan, auzoa Okendotegi Bidearekin lotzen duen Martuteneko batean, eta Artxipiko parkeko hirutan gauzatu dituzte.
Azken asteotan amaitu diren lan horietan, honakoak egin dira: produktu desinkrustatzaile bereziak aplikatu, hondakinak xurgatze sistemen bidez kendu, zura lixatu poroa irekitzen laguntzeko, eta olio irristagaitzaren bi esku eman, zura elikatu eta labainkortasunaren aurrean duen portaera hobetzeko. Inbertsioa 11.000 eurokoa izan da.
Jarduketa horrek jarraipena ematen die joan den apirilean eta maiatzean egindako konponketa eta kontserbazio lanei. Orduko hartan, hondoratutako oholak eta arrastelak kendu eta ordezkatu zituzten, erabileraren eta eguraldiaren baldintzen ondoriozko higadurak gehien kaltetutako elementuak berrituz.
Mantentze eta Hiri Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garciak nabarmendu duenez, “horrelako azpiegituren mantentze prebentiboa funtsezkoa da egunero erabiltzen dituztenen segurtasuna bermatzeko”, eta esku hartze horrekin hondatutako elementuak berritzeaz gain, erabilera baldintzak hobetu dituzte herritarrek asko erabiltzen dituzten azpiegitura horien “bizitza erabilgarria” luzatuta.

