77 emanaldi eskainiko ditu 61. Jazzaldiak, tartean, euskal artisten proposamen zabal batekin
Nøgen talde donostiarrak Zurriolan joko du, Jazzaldiaren barruan.Kursaal Eszena Donostiako 61. Jazzaldiak musika eta jai giroz blaituko du hiria uztailaren 22tik 26ra bitartean. Aurtengo edizioan guztira 77 kontzertu programatu dira hamabi agertokitan banatuta, eta horietatik 47 doakoak izango dira.
Aurten, gainera, Donostiako Jazzaldia Sariak hiru pertsonaia nabarmeni emango zaizkie: David Murray eta Joe Lovano saxofonistei eta Miguel Martin orain arteko Jazzaldiko zuzendariari.
Nazioarteko izarrak eta ziklo bereziak
Munduan erreferentzia diren artistak pasatuko dira oholtza gainetik. Horien artean, antolakuntzak “munduko interprete onenetakoak” diren lau emakumeen presentzia nabarmendu nahi izan dute: Diana Krall, Samara Joy, Carmen Lundy eta Cécile McLorin Salvant.
Era berean, aurtengo programazioak jazzaren historia betiko aldatu zuten Miles Davis eta John Coltraneren jaiotzaren mendeurrena ospatuko du. Horretarako, lau kontzertu berezi antolatu dituzte Trinitate plazan: Davisen omenez, Marcus Miller eta Erik Truffaz-Antonio Lizana arituko dira, eta Coltraneri eskainita, Azar Lawrence Quartet eta Charles Tolliver.
Bertako talentua
Jazzaldiak tokiko talentua balioan jartzeari ere eutsi dio aurten ere, eta 30 euskal talderen kontzertuak antolatu ditu. Hala, Zurriola hondartzako Keler Guneak doako zortzi kontzertu eskainiko ditu. Agertoki jendetsu horretan nazioarteko izarrak, bluesaren puntako figurak eta mestizajea jorratzen duten taldeak entzun ahal izango dira, baita tokiko euskal taldeak ere, hala nola ETS, Kokoshca, Nøgen eta HOFE.
Sarrerak, erritmo onean
Dagoeneko, 11.000 sarrera baino gehiago saldu dira munduko 32 herrialdetan, antolatzaileek adierazi dutenez. Zenbait kontzertutarako sarrerak jada agortuta daude eta itxarote zerrenda zabalik dago, beste zenbaitetarako: horiek dira uztailaren 25ean Trinitate plazan egingo den Charles Tolliver eta Marcus Millerren saioa, eta Kursaaleko Pat Metheny-en eta uztailaren 26ko Diana Krallen emanaldiak.

