Amanda Arruti donostiarra 700 metroko horma bat margotzen ari da Pragan, Urban Pictus jaialdian
Amanda Arrutiren obra bat.Amanda Arruti Urban Pictus arte muralistaren jaialdiak mundu osoko 30 artista bildu ditu (horietatik 2, soilik, emakumeak) Pragako mendebaldean dagoen Ruzyne auzo periferikoan. Ekimenaren helburua, Txekiar Armadaren kuartel militar zaharreko horma bat apaintzea da.
Horma horrek 700 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera du. Alde batean, sobietar hirigintzari dagozkion hormigoi aurrefabrikatuaz egindako eraikinak ditu, eta bestean, kuartel zaharra bera.
Arrutiren ekarpena eta ikuspegia
Amanda Arruti (Mandioh) 35 urteko artista donostiarra da proiektu handi horretako bi emakume horietako bat; Pragan, bere gai gogokoena landu du aerosolarekin: emakumezkoen irudia eta gorputza. Moldava ibaiak hiriburutik egiten duen bidea gogora ekarriz, bi emakume margotu ditu uraren jarioaren erdian, “Hirien agonian lasaitasun apur bat aurki daitekeela gogorarazteko”.
Arrutiren ustez, leku hori ezin hobea da kaleko artea irudikatzeko; izan ere, street art-a gune marjinaletan egin ohi den arren, auzoak goratzeko eta bisitariak erakartzeko tresna eraginkorra dela azpimarratu du.
Pragara iritsi aurretik, donostiarra Cosenzan (Italia) izan da genero indarkeriaren prebentzioari eta emakumeen babesari eskainitako Isiltasunaren hormaz haratago obra egiten; berak, orain arteko bere lanik onentzat jotzen duena.

