Aitor Gabilondoren estreinako filma Euskal Herriko tortura polizialei buruzkoa izango da
Aitor Gabilondo gidoilari eta ekoizle donostiarra.Nius Gidoilari eta ekoizle gisa ibilbide esanguratsua egin ondoren, Aitor Gabilondo sortzaile donostiarrak bere lehen filma zuzenduko du. Euskal Herriko tortura polizialari buruzkoa izango da, eta EITBren partaidetza izango du. Besteak beste, Patria —Fernando Aranbururen eleberriaren egokitzapena—, Yo adicto eta Salvador telesailen sortzailea da.
“Ordaindu gabeko zorra” kitatzeko gogoa duela adierazi dio Europa Press agentziari: “Patria egin nuenean konturatu nintzen, aurreikusi gabe, zor sentimendu bat sortu zela nigan torturaren eta estatuko terrorismoaren biktimekiko. Nahigabe handia hartu nuen serie hori batere bat ez natorren kontakizun bakar eta behin betiko moduko bat finkatzeko erabili zelako. Ordutik, historia osatzeko beharra izan dut”.
Hainbat urtetako ikerketaren emaitza izango da filma. Izan ere, Gabilondok bilerak egin ditu biktimekin, auzitegiko medikuekin, epaileekin, abokatuekin, guardia zibilekin, politikariekin, ikertzaileekin eta lekukoekin. Proiektuaren abiapuntua Kriminologiaren Euskal Institutuak (KREI) egindako Euskal Herriko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua da.
Istorio honen bitartez, Gabilondok “egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea duten eta sistematikoki ukatu diren istorioak dituzten beste biktima baztertu horiei” ahotsa emango die: “Atxilotuek torturak ETAren kontsignei jarraituz asmatzen zituztela eta gezurra zela esaten ziguten”.

