Donostia International Physics Centerren eraikin berria inauguratu dute
Imanol Pradales lehendakariak gaur inauguratu du Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren eraikin berria.Irekia Imanol Pradales lehendakariak Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren eraikin berria inauguratu du asteazken goizean. “Erreferentziazko azpiegitura zientifiko honek zentroaren ibilbidean etapa berri bat markatzen du eta Euskadik zientziaren, ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustua indartzen du”, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak.
Eraikin berriak 6.200 metro koadroko azalera du, sei solairutan dago banatuta eta datozen hamarkadetan zentroaren hazkundea ahalbideratzeko diseinatu dute. “Azpiegitura berriaren elementu nabarmenetako bat 1.100 metro koadroko baino gehiagoko azken belaunaldiko laborategi zientifikoak dira”, nabarmendu dute aurkezpenean. 21 milioi euro inbertitu ditu eraikin horretan Eusko Jaurlaritzak.
Lehendakariaz gain, DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek ere hartu dute parte ekitaldian, eta bertan izan dira, baita ere, erakunde publikoetako ordezkariak, Patronatuko kideak eta komunitate zientifikoko partaideak ere.
Ikerketa dibertsifikatzeko aukera
Eraikin berriak “DIPCri ikerketa lerroak dibertsifikatzeko eta jarduera esperimentala handitzeko aukera emango dio, sortu diren espazio eta laborategi berriei esker”, aurkezpenean nabarmendu dutenez. Gogoratu behar da, halaber, azken hilabeteotan inguru horretan horretan CIC Nanoguneko Dorrea Kuantikoa eta Ikerbasqueren eraikina inauguratu dituztela; Euskal Milla Kuantikoa deitzen diote eremu horri.
Lehendakariak DIPCren eredua ere nabarmendu du, “lankidetzan, ezagutza trukean eta ikerketa askatasunean oinarritua”: “Filosofia horrek nazioarteko talentua erakartzea ahalbidetu du, eta 35 nazionalitate baino gehiagoko profesionalek osatutako komunitate zientifikoa eraiki du, zentroa I+G+Bren Europako erreferente bihurtuz”.

