Donostiako haur eskola berrietan emateko izena ekainaren 29an zabalduko dute
Hiriko haur eskola berrietako bat.Donostiako Udala Gros, Intxaurrondo Hegoa eta Loiolako Erribera auzoetako haur eskola berriak irailaren 4an irekiko dira. Horietan izena emateko ezohiko epe bat ezarri dutela jakinarazi du Donostiako Udalak. Izan ere, Haurreskolak Partzuergoarekin batera sustatu eta handitu egingo baita 0-2 urteko haur hezkuntzako sare publikoa, eta, hala, haur eskola berri batzuk ere izango dira.
Interesa duten familiek ekainaren 29tik uztailaren 8ra, biak barne, izango dute eskabideak Udalinforen bulegoetara bertara joanda aurkezteko modua. Deialdi hau 2025ean eta 2026an jaiotako haurren familiei eta legezko tutoreei egina da.
“Izena emateko aparteko epe hori berri ona da lana, bizitza pertsonala eta familia uztartu ahal izateko baliabide publikoak behar dituzten Donostiako familia askorentzat. Haur eskoletan leku gehiago izateak eta plaza horiek eskuratzeko modua errazteak lagundu egiten du familiek euskarri gehiago izan ditzaten haurrak hazteko etapa garrantzitsu horretan”, nabarmendu du Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziak.
Haur eskola berriak
Duela gutxi bukatu ziren hiriko hiru haur eskola berrien lanak. Guztira, 89 leku publiko berri izango dituzte 0 eta 2 urte bitarteko haurrek. Hala, orain arte mota horretako baliabide gutxiago zituzten auzoetan, hezkuntza eta kontziliazio eskaintza handiagoa izango da.
Loiolako Erriberakoa Gabriel Laffitte plazan dago, 34 toki izango ditu; horietatik zortzi urtebetetik beherakoentzat izango dira. Aldiz, 26 leku urte 1 eta 2 urte bitarteko haurrentzat. Intxaurrondo Hegoa eremukoa, berriz, Baratzategi kalean dago. 21 toki izango ditu; zortzi urtebetetik beherakoentzat eta hamahiru urtebetetik 2 urtera bitartekoentzat. Azkenik, Grosekoa Zemoria kalean dago, eta 34 toki eskainiko ditu; zortzi urte bat baino gutxiagoko haurrentzat, eta 26 leku urte 1 eta 2 urte bitarteko haurrentzat.

