«Parte hartze errekorra», Onditz 39. triatloian eta Donostiako Emakumeen 16. Triatloian
Ekainaren 27an eta 28an egingo dituzte Onditz 39. triatloia eta Donostiako Emakumeen 16. Triatloia.Andrea Bosch Alfaro Hilaren 27an eta 28an egingo dituzte Onditz 39. triatloia eta Donostiako Emakumeen 16. Triatloia, eta Donostiako Atletikok iragarri duenez, izen emate guztiak agortu dira, probak hasi baino aste batzuk lehenago. Datu horrek “parte hartze errekorra” suposatzen du.
Ekainak 27: Triatloi egokitua eta Emakumeen Triatloia
Ekainaren 27ko jardunaldia berrikuntza garrantzitsu batekin hasiko da: 14:45ean, lehen aldiz, Triatloi Egokitua – Gipuzkoako Txapelketa egingo da, kirol inklusiboari balioa emanez.
15:00etan, berriz, Donostiako Emakumeen 16. Triatloia hasiko da. Proba hori emakumeek kirolean parte hartzea sustatzeko erreferentea da, eta izaera irisgarri eta jai girokoa du. Parte hartzaileek 300 metroko igeriketa, zortzi kilometroko txirrindularitza eta bi kilometroko oinezko lasterketa osatu beharko dituzte.
Ekainak 28: Onditz Triatloia
Ekainaren 28ko 9:15ean, estatu mailako triatloi olinpiko beteranoenaren txanda izango da: Onditz 39. triatloiarena. Lehiaketa horretan, kirolariek 1.500 metro igeri, 38,5 kilometro bizikletan eta hamar kilometro oinez egin beharko dituzte, Kontxako badia eta Igeldo mendia zeharkatuz, besteak beste.
Antolatzaileek diotenez, txapelketa inklusiboa gehitzeak eta lortutako inskripzio errekorrak indartu egiten dute Donostiako Atletikok aukera berdintasunarekin, inklusioarekin eta bizi ohitura osasungarriekin duen konpromisoa.
IRUTXULOKO HITZA, gainera, Emakumeen Triatloiaren babesle da, eta komunitatea sendotzeko eta auzoa zaintzeko elkarlanean dihardu, materiala eta edukia eskainiz.

