Abian dira Lorategi Hirian 98 etxebizitza babestu eraikitzeko obrak
Visesako eta Amenabar eraikuntza enpresako arduradunekin egin zuen bisita Denis Itxaso sailburuak atzo. Irekia Visesak bultzatutako alokairuko 98 etxebizitza babesturen aurretiazko lanak hasi dira. Alokabidek kudeatuko dituen alokairuko etxebizitzak izango dira, 63 babes ofizialekoak eta 35 tasatuak. Obrak orain jarri dira abian, eta 2028ko uztailean amaitzea aurreikusi da, eta hala bada, urte horren amaieran entregatuko dituzte.
Sustapen mugarria da, batetik, Jaurlaritzak eraikitako alokairuko etxebizitza tasatuen lehen sustapena dela, eta, bestetik, udalak lagatako udal zoruan egiten den lehen bizitegi jarduketa delako hamabost urte baino gehiagotan. Obraren aurrekontua 15,6 milioi eurokoa da eta alokairuko parke publikoan ia ehun etxebizitza berri txertatzea ekarriko du. Zuinketa akta datorren asteartean, hilak 30 sinatuko dute.
Etxebizitza sailburu Denis Itxasok atzo izan zen eremuan eta nabarmendu zuen kontratazio formulari esker, administrazio eta eraikuntza epeak murriztea ahalbidetu duela. “Kontratazio bateratuaren prozedura aplikatu dugu, proiektuaren idazketa eta obraren egikaritzea biltzen dituena, eta, horri esker, urtebete baino lehenago hasi gara obrarekin —hamaika hilabetetan zehazki—. Hori da Donostiako etxebizitza-politikari jarri nahi diogun erritmoa. Lurzoruak lagatzen dizkigutenean, ahalik eta arintasunik handienarekin jokatzen saiatzen gara, bai baitakigu hiriak hori behar duela”.
2025eko uztailaren 29an, Donostiako Udalak eta Visesak hitzarmen bat sinatu zuten eta udalak doan eman zizkion bi partzela, Lorategi Hirian alokairuko etxebizitza babestuak sustatzeko. Partzelek 1.674 metro koadroko eta 1.025,38 metro koadroko azalera dute. Ildo horretan, Itxasok hirian dagoeneko abian diren beste jarduketa batzuen adibidea aipatu du. “Loiolako Erriberen kasuan, lurzorua urtarrilean laga zigutela eta obrak abenduan hasiko direla kontuan hartuta, erakundeen arteko lankidetza eta prozedurak arintzeko borondatea dagoenean garapen-denborak nabarmen murriztu daitezkeela erakusten ari gara”.
Babes ofizialeko 63 etxebizitzen artean, hemeretzik logela bakarra izango dute, 31k bi logela, eta haietako hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira, eta beste hamahiruek hiru logela. Bestalde, 35 etxebizitza tasatuen artean, zortzi logela bakarrekoak izango dira, hogeita bi —bi egokituak— bi logelakoak, eta bost hiru logelakoak. Jarduketan, gainera, espazio komunitarioak, aparkalekuak, bizikletetarako eremuak, barneko lorategi-urbanizazioa eta egikaritze-denborak optimizatzea eta multzoaren jasangarritasuna hobetzea ahalbidetuko duten eraikuntza-soluzio industrializatuak sartuko dira.
Alokairuko 63 etxebizitza horiek eskuratu ahal izateko, 9.000 eurotik 46.463,29 eurora bitarteko urteko diru-sarrerak egiaztatu beharko dira. Alokairuko 35 etxebizitza tasatuen kasuan, aldiz, diru sarrerek 15.000 eurotik 59.568,32 eurora bitartekoak izan beharko dute.

