Ategorrietako Pala Txapelketa egin dute, «aspaldiko jaiak» oroitzeko
Ategorrietako Pala Txapelketako finalak jokatu ostean, pilotariak, euren garaikurrekin.Xabier Rico Urteroko legez, Ategorrietako Pala Txapelketa egin dute, hamasei pilotariren parte hartzearekin. Xabier Rico antolatzaileak azaldu duenez, “jende asko” elkartu zen txapelketaren bueltan, “giro onean”.
Bi taldetan banatuta, bikoteak orekatzen saiatu ziren, “pilotarien mailaren eta adinaren arabera, batzuk federatuak eta beste batzuk adinekoak”. Horrela, finala “oso borrokatua” izan zela azaldu du antolatzaileak: “Tomas Pagoaga eta Xabier Elejalde izan dira txapeldunak [argazkian, urdinez jantzita], eta Luis Bautista eta Beñat Pagoaga azpi txapeldunak [gorriz]”.
Maiatzaren bukaeran hasi, eta ekainean zehar jokatu zituzten txapelketako partidak. “Txapelketa herrikoia da, eta pilotalekua txikia den arren, maila oneko norgehiagokak ikusteko aukera egoten da”, gaineratu du Ricok.
Ategorrietako “aspaldiko jaiak oroituz”, finalak beti San Joan bezperan egiten dituzte, honako egitaraua honekin: pilota partidak, sari banaketa, erromeria auzoko musikariekin eta kantariekin —auzoari eta bere frontoiari eskainitako bertso paperez lagundurik—, kalejira, poteoa eta afaria auzoko elkartean.

