Borroken Kioskoa jarriko du LABek ostiralean Easo plazan
2025eko LABen Maiatzaren Leheneko manifestazio bateko irudia.Xalba Ramirez LAB sindikatuak Borroken Kioskoa egitasmoa antolatu du bihar goizerako (hilak 26), Amarako Easo plazan, Langileon Donostia eraiki! lelopean. Azaldu dutenez, “hiri ereduaren inguruan hasitako lanketari ikasturte honetan amaiera emateko” egitasmoa izango da.
10:00etatik 13:00etara egongo dira bertan, eta hainbat jarduera egingo dituzte. 10:00etan, hiri ereduaren bueltako borrokei buruzko erakusketa irekiko dute, baita gunea apaindu ere. Jarraian, 10:30ean, erakusketa aurkeztuko dute eta hainbat borroken bizipenak partekatuko dituzte. Ondoren, 12:00etan, Donostia, langileon hiria! mahai ingurua egingo dute, eta, 13:00etan, amaitzeko, luntxa eskainiko dute. Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformako eta Altza XXI Herri Ekimeneko kideek hartuko dute parte egitasmoan, besteak beste.


