Hondartzetan erretzea eta soinu aparatuak erabiltzea debekatuta dago
Donostiako Udalbatzak behin betiko onartu du hondartzen ordenantzaren aldaketa, eta bihar sartuko da indarrean.
Bi zigarrokin, Kontxako hondartzan. Joseba Parron San Sebastian Bihartik aurrera, Donostiako hondartzetan ezin izango da erre eta entzungailurik gabeko soinu aparaturik erabili. Horrela erabaki dute gaur, ekaineko osoko bilkuran. Donostiako Udalbatzak behin betiko onartu du hondartzen ordenantzaren aldaketa, eta bihar sartuko da indarrean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
Debekua Kontxako, Ondarretako, Zurriolako eta Santa Klara uharteko hondartzetan aplikatuko da. “Gaur Donostiak beste urrats bat eman du gure espazio publikoen babesean, zaintzan eta bizikidetzan. Ordenantza honekin hondartza osasungarriago, jasangarriago eta errespetagarriago baterantz goaz, gure hareatzetako esentzia berreskuratuz itsasoaz, atsedenaz eta naturaz gozatzeko espazio gisa”, adierazi du Iñigo Garcia Hiri Mantentze zinegotziak.
Erretzeko debekuaren helburua hondartzetako kutsadura gune nagusietako bat murriztea da. Udalak AZTIrekin batera egindako Kontxako badiako plastikoen ugaritasunaren eta banaketaren azterketa azterlanaren arabera, zigarrokinak Kontxako hondartzan jasotako zaborraren %38 dira, eta %50 Ondarretan; gaur egun, Donostiako hareatzetako hondakinik ugariena da.
Bestalde, soinu aparatuen erabilera arautzearen helburua da ingurune lasaiagoa eta hondartzetako erabiltzaile guztien arteko errespetuzko bizikidetza bermatzea.
Ordenantzak babes zabala izan du tramitazio osoan zehar. Udalbatzak aho batez eman zion hasierako onarpena, jendaurrean egon zen aldian, herritarrek ez zuten inolako alegaziorik aurkeztu.
Araudia indarrean sartzearekin batera, beste fase bat hasiko da orain, araudia benetan betetzeari begira. Udalak arduraz jokatzeko deia egiten die herritarrei eta bisitariei, arau berriak errespetatzeko eta hareatzak zaintzen laguntzeko. Ordenantzan jasotako debekuak ez betetzea 100 eta 750 euro bitarteko isunekin zigortu ahal izango da, udal araudian ezarritakoaren arabera.

