Ira Sachs izango da Tabakaleraren udako zinema programaren protagonista
Ira Sachs zinemagilea.Jeong Park Tabakalerak Ira Sachs (AEB, 1965) zuzendari ezagunari eskainitako atzera begirakoa aurkeztu du, bere lehen lanetatik hasi eta lan berrienetara arteko ibilbidea osatuko duen zinema zikloa. Uztailean eta abuztuan, larunbatero, aukera paregabea eskainiko dute estatubatuarraren unibertso zinematografikoa ezagutzeko. Sachs New Queer Cinema mugimenduko ezinbesteko kidea da; 1990eko hamarkadan Queer artista, zinemagile eta aktibistek bultzatutako zinema eta bideo ekimena erradikalki politikoa eta estetikoki berritzailea izan zen.
Memphisen (Tennessee) jaio zen 1965ean. Hiru hamarkadatan zehar, sexu desiraren konplexutasuna eta harremanak, xehe eta sentimentalismorik gabe, esploratzen dituen zinema pertsonala garatu du. The Man I Love azken film luzea aurkeztu berri du Cannesen, Sail Ofizialean, eta harrera oso ona izan du.
Sachs Donostiara etorriko da uztailaren 4an Peter Hujar’s Day (2025) zikloa hasteko aukeratutako filma aurkeztera. 1987an hiesak jota hil zen New Yorkeko argazkilariaren azken orduei buruzko elegia da.
Uztailean zehar, bere lanik berrienak proiektatuko dira. Passages (2023) da bere pelikula ezagunenetako bat. Sachsek zuzendu eta idatzia, Sundanceko Zinemaldian estreinatu eta Berlingo Nazioarteko Zinemaldiko Panorama sailean proiektatu zen. Ondoren, Frankie (2019) proiektatuko da; familia loturen konplexutasuna eta hilkortasunarekin daukagun harremana aztertzen ditu, eta nabarmentzekoa da Isabelle Huppert buru duen aktore zerrenda. Azkenik, Little Men (2016) filma, New Yorken gurasoen artean higiezinen inguruan izandako liskar baten ondorioz bizitza korapilatu zaien bi neraberen istorioa. Filmak Grand Prix saria jaso zuen Deauville American Film Festivalen. Euskarazko azpitituluekin proiektatuko da.
Abuztuan, ikusleek Sachsen lehen lanak ezagutzeko aukera izango dute: Love Is Strange (2014), maitasun helduari, familiari eta bizitza hiritarraren egonkortasunak berezkoa duen hauskortasunari buruzko gogoeta; Keep the Lights On (2012), Berlinalen Teddy sariduna, adikzioak, desioak eta hauskortasun emozionalak markatutako bi gizonen arteko harremanaren erretratu gordina; Married Life (2007), John Binghamen Five Roundabouts to Heaven nobelaren egokitzapena; eta Forty Shades of Blue, bakardadeaz, pasioaz eta identitate bilaketaz hausnartzen duen drama. 2005eko Dramatic Grand Jury Prize saria jaso zuen Sundanceko Zinemaldian.
Zikloari amaiera emateko, The Delta (1996), Sachsen lehen film luzea proiektatuko da. Protagonistak erruduntasun sentimenduaren ondorioz bera izateko duen ezintasuna erretratatzen du filmak. Sundanceko Zinemaldian estreinatu zen 1997an.
Saio guztietarako sarrerak eskuragarri daude hemen: sarrerak.tabakalera.eus.

