Nortasuna eta elkartasuna, pintxoen bidez
'Euskal Herriko Puntaz Puntazko Gastronomia – Bertakoa, Betikoa' ekimenak Euskal Herriko gastronomia ezagutarazteaz gain, Zaporeak egitasmorako dirua bilduko du.
(Argazkia: Gildaren kofradia) Gastronomia, kultur ondare, nortasuna eta elkartasuna ardatz ditu Euskal Herriko Puntaz Puntazko Gastronomia – Bertakoa, Betikoa ekimenak. Bertan, zazpi lurralde historikoetako gastronomia erreferenteak bilduko ditu: Gipuzkoako gilda, Bizkaiko bilbainitoa, Nafarroako piper beteak, Arabako patatak txorizoarekin, Lapurdiko ahatea, Nafarroa Behereko ardi gazta eta Zuberoako euskal pastela.
Batetik, Donostia eta Larrun arteko jardunaldi berezi bat ere aurrera eramango dute uztailaren 11n Larrun mendian. Bertan, zazpi herrialdetako establezimendu ezagun batuko dituzte, eta bakoitza bere lurraldeko produktu adierazgarrienetan inspiratutako pintxo dastaketak eskainiko dira, tokiko ardo hautaketa batekin lagunduta.
Bestetik, irailaren 6an, San Martin merkatuan jarduera berezi bat ere aurrera eramateko asmoa dute, Euskal Jaiekin bat eginez. zazpi lurraldeetako gastronomian zeharreko ibilbidea egingo dute, dastaketekin eta herritarrei begirako jarduerekin batera.
Elkartasuna ere ardatz duenez egitasmoak, pintxoen salmentatik lortutako irabazi guztiak Zaporeak-ek Lesbosen duen sukalde solidariora bideratuko dituzte, greziar uhartera iristen diren asilo eskatzaileentzat otorduak prestatzen jarraitu ahal izateko.
Ekimenak lurraldeko sustapen gastronomiko eta kulturalean lanean ari diren hainbat erakunde eta espazioren babesa du; horien artean daude San Martin Merkatua, Le Train de la Rhune, Made With Basque Country Spirit eta Euskal Herriko gastronomia ekosistemako beste hainbat eragile.

