Udalak afari solidarioen inguruan duen «joera gero eta kezkagarriagoa» salatu du KASek
Donostiako PPk mozio bat aurkeztu du ekaineko udalbatzarrean, Kaleko Afari Solidarioak taldeak zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzako egunero banatzen dituen afarien ingurukoa. Mozioa ez da aurrera atera, baina PPren eta udal gobernuaren jarrera salatu du KASek.
Kaleko Afari Solidarioak taldeak udal batzar aretoan egindako protesta baten artxiboko irudia.Kaleko Afari Solidarioak Donostiako Alderdi Popularrak, Borja Corominas bozeramailearen bidez, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) ekimenaren inguruko mozio bat aurkeztu du gaur (hilak 25) egin duten ekaineko udalbatzarrean. Mozioaren bidez, besteak beste, udal gobernuari eskatu diote “ez dezala baimendu edo onartu elikagaien banaketa kolektiboko jarduerarik espazio publikoetan”. Ez da PPk afari solidarioen banaketaren inguruko mozio bat aurkeztu duen lehenengo aldia, eta, aurreko aldietan pasatu den moduan, gainontzeko alderdiek ez dute babestu, eta, beraz, ez da aurrera atera.
Hala ere, “elkartasuna kriminalizatzeko beste saiakera bat” dela nabarmendu du KASek: “Urteak daramatzagu argudio berak, iradokizun berak eta arazo sozial bat ordena publikoko arazo bihurtzeko estrategia berak entzuten. Hala ere, berriz ere erantzutea beharrezkoa dela uste dugu, jokoan ez baitaude afari batzuk soilik: jokoan dago hiri batek pertsona zaurgarrienei nola begiratzen dien”. “KASek bost urte baino gehiago daramatza hiriko hainbat puntutan urteko 365 egunetan gaueko 300-350 afari banatzen”, gogorarazi dute.
“Seinalatzea bilatzen du”
PPk gaiaren inguruan egiten duen “erabilera interesatua” kritikatu du KASek: “Mozio honek ez du eskubideak bermatzea edo bizikidetza hobetzea bilatzen. Seinalatzea bilatzen du. Muturreko zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileak seinalatzea. Kalean bizi diren pertsonak seinalatzea. Baita gauero gure denbora eta baliabideak pertsona orori plater bero bat eskaintzeko erabiltzen ditugun boluntarioak seinalatzea ere”.
Udalbatzarrean mozio horren harira sortu den eztabaidan, besteak beste, “KASekin lotutako ustezko segurtasun arazoak” aipatu direla deitoratu du taldeak, baita horren inguruko diskurtso hegemonikoa gezurtatu ere: “Gezurra da afariak batzuek egozten dizkieten bizikidetza arazoen kausa direla. Pertsonak biltzen diren edozein espaziotan gertatzen den bezala, noizbait, gatazka puntualak izan dira erabiltzaile batzuen artean. Batzuen artean. Gutxiengo baten artean”.
Horregatik, “pertsona gutxi batzuen jokabideagatik kolektibo zaurgarri oso bat erruduntzat jotzea bidegabekeria da”, nabarmendu dute: “Ez genuke onartuko gizarteko beste inongo eremutan. Inork ez luke futbol zelaiak ixtea proposatuko zale batzuen arteko liskarrak direla eta. Inork ez luke komunitate oso bat erruduntzat joko pertsona gutxi batzuen ekintza isolatuengatik. Orduan, zergatik egiten da hori migratzaileez, etxerik gabeko pertsonez edo bazterketa egoeran dauden pertsonez hitz egiten dugunean?”.
“Ohartarazpen instituzionalarekin” kezkatuta
Udalbatzako gainontzeko alderdi politikoek PPren mozioa babestu ez badute ere, Segurtasun zinegotzi Martin Ibabek (EAJ) eztabaidan egindako adierazpenekin “kezkatuta” agertu da KAS: “Hainbat aldiz errepikatu du arazoek jarraitzen badute udalak ez duela zalantzarik izango Egian egin zuen gauza bera egiteko, hau da, banaketa puntua debekatzeko. Adierazpen horien aurrean gure kezka agertu nahi dugu”.
Zehazki, zera esan du Ibabek: “Udal gobernua erne dago. Eta egoera iristen bada Egian iritsi zen egoerara, erabakia berbera izango da”. “Egiako egoerarekin” lotuta, gogoratu behar da afari solidarioen aurka Egian hainbat herritarrek egin zuten baimenik gabeko elkarretaratzearen eta bertan izandako istiluen ondoren erabaki zuela udalak Egiako afari solidarioak debekatzea. Elkarretaratze horren deialdia Lo Que No Te Cuentan De Donostiren (LQNTCDD) moduko talde erreakzionarioek zabaldu zuten besteak beste, eta PPko hiru zinegotziek hartu zuten parte. Era berean, gogoratu behar da jendetza atera zela kalera horren ondoren, “KASen alde eta arrazakeriaren kontra”.
KASen ustez, “bazterketa sozialaren irtenbidea hori pairatzen duten pertsonak bistatik kentzea izan daitekeela iradokitzen dute” Ibaberen hitzek: “Elkartasun guneak instituzio publikoen ardura diren arazoen erantzule posible bihurtzen dituzte. Eta bost urte baino gehiagoz administrazioak iritsi ez diren tokietan oinarrizko beharrak estaltzen aritu den herri ekimen baten aurka mehatxu argia zabaltzen dute”.
Era berean, udal gobernuko beste alderdiaren, PSE-EEren, “isiltasuna” ere salatu du boluntario taldeak: “Ez du hitza hartu bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonei eta haiekin egunero lan egiten duen elkartasun ekimen bati zuzenean eragiten dion mozio baten eztabaidan. Giza eskubideen eta pertsona zaurgarrienen duintasunaren defentsak isiltasuna baino gehiago merezi du”.
PPren eta EAJren diskurtsoen artean, KASen ustez, “iradokitzen” da afariak antolatzen dituztenak direla “segurtasun hori bermatu behar dutenak”. Horren aurrean, “ez gara segurtasun dispositibo bat”, gogorarazi dute: “Oso bidegabea da instituzioei dagozkien eginkizunen erantzule egin nahi izatea borondatez elkartasun lana egiten duten pertsonak”.

