Egiako irisgarritasun arazoei aurre egiteko elkartu dira
Aspaldiko eskaera bati ikusgarritasuna emateko, Egia Bizirik auzo elkarteak kanpaina bat abiatu du. Donostiako Udalari eskatu diote Karmengo Ama eta Ametzagaña kaleak lotuko lituzkeen igogailua jartzeko, Kata taberna dagoen kalexkan.
Egia Bizirik auzo elkartearen elkarretaratzea, Plaza Berrin.Inaxio Esnaola Aranzadi Aldapatsua da Egia auzoa. Egiatarrak adinean ere goraka doaz, eta gero eta zailagoa da haientzat auzoan mugitzea. Donostiako Udalak hainbat igogailu ditu aurreikusita Konkorrenean, Aldakonean eta Jai Alain, 2017ko Mugikortasun bertikalaren plan zuzentzailean. Ordea, azken hamarkadan ez dute bakar bat ere egin. Egia Bizirik auzo elkartearen ustez, igogailurik «merkeena eta egiteko errazena» Karmengo Ama eta Ametzagaña kaleak lotuko lituzkeena da, Kata taberna dagoen kalexkako eskaileren desnibela gainditzeko.
Lau urte daramatzate igogailu hori eraikitzeko eskatzen, leku horretako eskailerak ez direlako irisgarriak. Hori dela eta, Egia Bizirik-ek kanpaina berri bat abiatu du aspaldiko eskaerari ikusgarritasuna eman, eta udalak igogailu hori eraiki dezala eskatzeko. Gainera, astelehen arratsaldean, elkarretaratze bat egin zuten Plaza Berrin, Egiako Azoka Txikiaren aurrean. Kokoteraino gaude. Katako kalezuloko igogailua orain!!! lelopean, hainbat auzotarrek bat egin zuten protestarekin. «Mobilizazioak egitea erabaki dugu auzotarrak elkartu eta ditugun irisgarritasun arazoei aurre egiteko», nabarmendu du auzo elkarteak.
Bestalde, udal taldeekin bilerak egiten hasi dira. EH Bildurekin egin dute lehendabizikoa, eta laster elkartuko dira sozialistekin. «Gure helburua da Egiako irisgarritasuna lehentasunezko gai bihurtzea eta auzoak aspalditik egiten duen eskaerari erantzun argia ematea», adierazi du auzo elkarteak.
Kanpaina berriaren harira, bideo bat osatu dute Karmengo Ama eta Ametzagaña kaleen arteko eskailerak erabiltzeko oztopoak dituzten auzotarren testigantzekin. Adinekoek, gurpildun aulkian dabiltzanek, eta oro har, mugikortasun arazoak dituzten herritarrek «zailtasun handiak» dituzte egunero eskailerak erabiltzeko, eta egoera horrek bizilagun askoren «autonomia eta bizi kalitatea» baldintzatzen ditu.
Sinadurak eta parodia
Esan moduan, aspaldiko eskaera da Kata taberna dagoen kalexkako igogailuarena. 2022ko udaberrian, sinadura bilketa bat egin zuten auzoan, eta 1.000 baino gehiago erregistratu zituzten udaletxean. Ordea, ez zuten udal gobernuaren erantzunik jaso. Iaz, Bizipoza jaialdiaren egunean, parodia bat egin zuten. Igogailuaren inaugurazio ekitaldia antolatu, eta alkatea gonbidatu zuten. Dena dela, ez zen agertu. Aldiz, auzotar asko batu ziren, eta argazkiak atera zituzten igogailua jartzeko eskaerarekin.
Orain, «benetako igogailua» nahi dutela nabarmendu du Egia Bizirik-ek, «erraza, merkea, eta, batez ere, beharrezkoa» delako. Horrekin batera, eskatzen duten igogailua «egingarria» dela uste dute, eta bide guztiak jorratuko dituzte Egiako irisgarritasun arazoen aldapa gainditzeko.

