LABek Borroken Kioskoa jarri du Easo plazan, zaintza zerbitzuen publifikazioa eta langileen ekiparazioa aldarrikatzeko
Borroken Kioskoa jarri du LABek, Easo plazan.Nagore Garmendia Gaur goizean, LAB sindikatuak Borroken Kioskoa egitasmoa antolatu du Easo plazan. “Hiri ereduaren inguruan hasitako lanketari ikasturte honetan amaiera emateko”, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko aldarrikapena egin dute.
10:00etan hasi dute jardunaldia, hiri ereduaren bueltako borrokei buruzko erakusketa irekiz. Jarraian, 10:30ean, erakusketa aurkeztuko dute eta hainbat borroken bizipenak partekatu dituzte. Ondoren, 12:00etan, Donostia, langileon hiria! mahai ingurua egin dute, eta, 13:00etan, amaitzeko, luntxa. Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformako eta Altza XXI Herri Ekimeneko kideek hartu dute parte egitasmoan, besteak beste.
Aldundiaren erantzukizuna, salaketapean
Ekitaldian bildutakoek Gipuzkoako Foru Aldundiaren “arduragabekeria” salatu dute zaintzaren esparruan. Euren iritziz, aldundia da ehundaka langileren egoeraren erantzule zuzena, eskaintzen diren zerbitzuak publikoak izan arren, pribatizatuta daudelako. Erantzukizun hori patronalarekin batera konpartitzen duela adierazi dute.
Une honetan, hainbat sindikatu eta patronal helduen egoitzetako eta esku hartze sozialeko herrialdeko hitzarmenak negoziatzen ari dira. LABek gogorarazi du zerbitzu horien finantziazioa publikoa denez, Foru Aldundiak hitzarmen horien geroan eta langileen lan baldintzetan erantzukizun zuzena duela. Egoera bera pairatzen dute aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten zerbitzuetan eta herrietako etxez etxeko laguntzan ere.
Ereduaren kritikak
Sindikatuaren ustez, martxan dagoen ereduak merkatuaren eta pribatizazioaren logikari erantzuten dio, eta horrek langileak prekarietatean uzten ditu, ratioak bere horretan mantenduz eta partzialtasuna areagotuz.
Egoera honen aurrean, LABek zaintza sistema publiko komunitario baten beharra aldarrikatu du. Norabide horretan, 2023ko greba feministaren harira plazaratutako Herri Akordioa ekarri dute gogora, non bizitzak eta langileak erdigunean jartzeko urratsak zehazten diren.
Ekiparazioa eta publikazioa
Argi utzi nahi izan dute, hala, egungo egoera hobetzeko borrokari eutsiko diotela; horretarako honako hauek dira euren proposamenak: ekiparazioa, pribatizatutako langileen lan baldintzak langile publikoenekin parekatzea, egiten ari diren lana errekonozitzeko, eta publikazioa, zerbitzuen publifikazioa lortzea, funtsezkotzat jotzen baitute trantsizio hori egitea.

