Mila haur eta nerabek parte hartuko dute uztailean euskararen ezagutza eta erabilera hobetzeko bost programatan
Udaleko Euskara Zerbitzuak bost ekimen jarriko ditu martxan uztailean, 5 eta 11 urte arteko haur eta nerabeen artean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Bost proiektu horietatik lau iritsi berri direnen hizkuntza gaitasuna hobetzera bideratuta daude.
HABEk 16 urtetik beherakoentzat ikastarorik antolatzen ez duenez, lehenengoz, doako euskara ikastaroak antolatuko ditu (B2 mailara arte) hizkuntzaren ezagutza urria duten 14 eta 15 urte bitarteko gazteentzat. Urtarrilean, 45 orduko ikastaro pilotua gauzatu zuten eta emaitzak “oso onak” izan zituenez, astelehenetik, hilak 29, uztailaren 17ra bitartean, egunean bi orduz euskara eskolak jasoko dituzte 123 gaztetxok.
Data beretan, B2 maila arteko doako ikastaroak emango dituzte ere 16 eta 18 urte bitartekoentzat. Guztira 81 ikaslek eman dute izena egunean lau ordu duten euskara maila hobetzera bideratzeko.
Era berean, Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi proiektuek aisialdi jardueren bidez euskara maila hobetzen lagunduko diete hizkuntza ondo menderatzen ez duten 220 haur eta neraberi. Lehengoa, Altza, Amara, Egia eta Groseko haur txokoetan aurrera eramango dute, hiru astez. 8 eta 11 urteko 125 haurrek parte hartuko dute. Bigarrena, berriz, Altza, Amara, Egia, Gros eta Intxaurrondoko gaztelekuetan eta 12 eta 13 urteko 95 gazteek parte hartuko dute. Uztailaren 6tik 25 bitartean gauzatuko dituzten bi udaleku intentsibo hauetan ahozkotasuna landuko dute modu ludiko, lasai eta atseginean.
Oporretan Euskaraz
Aipatutakoez gain, Oporretan Euskaraz udaleku irekiak ere badaude. Aurten, 5 eta 11 urte arteko 570 partaide izango ditu uztailaren 6tik 30era luzatuko den ekimenak. Astelehenetik ostiralera, goizez, hiriko zortzi eremutan aurrera eramango dute. Taldeak jaiotze urtea, euskara maila eta jasotzeko tokia kontuan hartuta osatu dituzte.
Udaleku hauetan hainbat jarduera egingo dira: jolasak parke eta gune irekietan, hondartzara bisitak, hizkuntzaren erabileran oinarritutako jolasak, tailerrak, eskulanak eta ingurumen-lana. Horrela, jolas-giroan, haurrek hizkuntza erabili eta hobetuko dute, hiztegia zabalduz eta aisialdian euskara erabiltzeko ohitura eta motibazioa bereganatuz.

