Mundu naturalaren geometria ikusgai, Ingurumen Baliabideen Etxean
Gaurtik irailaren 13ra arte zabalik egongo da erakusketa. Cristina Enea Fundazioa Pentsatu itsas maskor batean, ekilore baten kiribilean, urakan baten marrazkian edo zuhaitzak adarkatzeko moduan. Forma desberdinak diruditen arren, denek partekatzen dute zerbait: oreka, harmonia naturala. Ez da matematika jakin beharrik hori sentitzeko begiek eta gorputzek badakite hor ordena bat dagoela. Mundu naturalaren geometria artilezko eta aluminiozko hariz irudikatzen du Roberto Chartman artista bilbotarrak. Ura besterik ez instalazioa gaur arratsaldetik irailaren 13ra arte ikusgai egongo da Ingurumen Baliabideen Zentroan.
Artilezko eta aluminiozko hariz egindako instalazioen bidez, Roberto Chartam artistak bilbotarrak espazio fisikoa geometria aldakor bihurtu du, eta paisaia edo lore bat ikusten dugunean sentitzen dugun oreka sentsazio bera pizten dute bisitariarengan. “Ez dut marrazki konplexurik egin nahi euskarri sinpleen gainean, paper baten gainean arkatzez egindako erretratu bat izan daitekeen bezala; aitzitik, itxuraz sinpleak diren marrazkiak egin nahi ditut euskarri konplexuen gainean, gehienetan erakusketa espazioaren gainean”, azaldu du Chartamek.
Obraren mugak ez ditu artileak, aluminioak edo erabilitako materialek markatzen, aretoak berak baizik. Horregatik, “bisitaria ez da obra ikusten ari; obraren barruan dago. Nire helburu nagusia horretaz jabetzea da”. Artilez egindako lerroak ditu bereizgarri, eta, oraingoan metalaz hornitu du, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu edo Nestor Basterretxea bezalako euskal artisten metalezko elementu bat erabili nahi zuelako.
Erakusketak ingurumenarekin duen loturari dagokionez, Chartamek bi elementu azpimarratzen ditu: batetik, artilea elementu nagusi gisa erabiltzea, eta bestetik, bere neurriak erlazioei lotuta daude, hala nola urrezko proportzioa, Fibonacciren segida edo Pi zenbakia, naturako elementu askotan agertzen direnak. “Gauza orokorra da nire lan guztietan”.

