Sexu esplotazioaren aurka egitera deitu du Itaiak
Itaiak egindako elkarretaratzeko bateko irudia.Itaia Antolakundea Espainiako Poliziak atzo ezagutarazi zuen sexu esplotaziorako emakumeen salerosketan aritzen zen erakunderik handiena desegin duela Donostian, zehazki, Antiguako Zubiberri pasealekuko txalet batean egindako operazio batean. Hori dela eta Itaiak elkarretaratzea egingo du Gaskunia plazan, gaur, 20:00etan.
Azken urteetako trata sare handienetako bat desegin izanaren gainean. Prostituitzera behartutako hamar emakume aske utzi eta hamabost pertsona atxilotu dituzte. Sarea 2023tik martxan zegoen eta gau bakar batean 60.000 euroko irabaziak lortzen zituen. Bi biktimaren deien bitartez, emakumeen sexu esplotazioan aritzen zen sare kriminal baten berri eman zuten. Emakume bat zen sare horren buru; hark prostituzioan aritzera behartzen zituen, eta lortutako diruaren erdia berak hartzen zuen.
Gertakariaren harira, Itaiak bere salatu du ez dela kasu isolatua, iazko urrian, gutxienez bost emakume sexualki esplotatzen zituen beste prostituzio etxe bat atzeman baitzuten Amaran; eta hiritik kanpo ere izan dira bestelako kasuak azken hilabeteetan Algortan, Getxon eta Iruñean. “Gaur gaurkoz sexu esplotazioak milioika emakume langileren errealitatea izaten jarraitzen du. Hain zuzen, kapitalistek egoera zaurgarrian dauden emakume langileen bitartez sexu merkatu hau indartzen dute, gero eta irabazi ekonomiko handiagoak eskuratuz. Hala nola, sexu-merkatu honek mundu mailan milioika eta milioika euroko irabaziak eragiten ditu”.
Halaber, zehaztu dute emakumeak sexualki esplotatzeko indarkeria sistematikoa “ezkutuan” gauzatzen dela eta “gizartearen gehiengoak beste aldera begiratzen du”. Hala, indarkeria gordin horrekin amaitzeko sexu merkatuaren aurka borrokatu eta horren konplize orori aurre egitera deitu dituzte herritarrak.

