Txikijazz jaialdiak bere 14. edizioa antolatu du, uztailaren 22tik 26ra bitartean
Jazz For Children taldeak joko du, besteak beste, 14. Txikijazzean.Donostia Kultura Txikijazz jaialdia bueltan da. Donostiako Jazzaldiak antolatzen duen eta familiei zein haurrei zuzenduta dagoen musika eta arte topaketak 14. edizioa antolatu du uztailaren 22tik 26ra bitartean. Urtero bezala, jaialdiak musika modu ludiko eta didaktikoan hurbildu nahi die etxeko txikienei, eta aurten ere Kursaaleko terrazak izango dira gune nagusia, San Martin Merkatuarekin batera.
Ahots handiak
Aurten Txikijazzek aurkezten duen musika kartela indartsua eta erakargarria da, oso. Ahots nagusiek indar handia izango dute edizio honetan, Noa Lur, Ines Goñi eta Amaya Decaudin abeslarien eskutik. Kontzertu guztiak doakoak izango dira eta 12:30ean hasiko dira, Kursaaleko terrazetan dagoen FNAC Gunean.
Uztailaren 23an, Kutxa Fundazioaren eskutik, Yko Project taldeak irekiko du agertokia. Amaya Decaudinek gidatutako proiektua, soula, funka, jazza eta musika latindarra zein brasildarra uztartzen dituena. Uztailaren 24, Jazz for Children taldearen txanda izango da; marrazki bizidunen soinu bandak jazz lengoaiara eramango dituzte. Uztailaren 25ean, The International Classic Jazz All Stars bandak joko du; talde honek jatorri askotako musikariak biltzen ditu, jazz klasiko eta dotoreena eskaintzeko. Eta, uztailaren 26an, Mississippi Queen & The Wet Dogs funky, rock & soul taldeak amaituko du jaialdia. Ines Goñi buru duen talde bilbotarrak bere azken diskoetako abestiak eta klasikoen bertsioak eskainiko ditu.
Tailerrak eta esperientziak
Txikijazzen ezaugarri nagusietako bat da musika entzuteaz gain, bizi eta sortu egiten dela. Horregatik, kontzertu bakoitza baino ordubete lehenago (11:30ean) edo arratsaldez, haurren adinaren arabera egokitutako tailerrak egongo dira:
- Uztailak 22 eta 23 (San Martin Merkatuan): 0-3 urteko haurrentzat (Nire lehenengo soinuak) eta 4-7 urtekoentzat (Musika familian) saioak egongo dira 18:00etan, MusikaNaizen eskutik. Hauetan parte hartzeko izena eman behar da.
- Uztailak 23 eta 24 (FNAC Gunea): Andoni Mutiloak gorputzarekin musika sortzeko tailerra emango du, eta Hariak taldeak animaliek mundua nola entzuten duten esploratzeko esperimentu saioa gidatuko du.
- Uztailak 25 eta 26 (FNAC Gunea): Sormenari bide emateko, La Niña Bonita taldeak abanikoak apaintzeko eta orkatilako musikalak egiteko tailerrak eskainiko ditu, aurpegi margoketarekin batera.

