Zazpi pirotekniek argiztatuko dute badiako zerua, 61. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan
Valecea euskal pirotekniak 150.urteurrena ospatuko du eta ikuskizun piromusikal berezia eskainiko du abuztuaren 15ean, lehiaketari eta jaiei amaiera emateko.
61. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren aurkezpena, Alderdi Ederren.Donostiako Udala Urtero su artifizialak dira Donostiako Aste Nagusiaren protagonista nagusienetako bat. Nazioarteko lehiaketak milaka pertsona erakartzen ditu badiaren ingurura, Aste Nagusiko gau guztietan. Eta gau horietan guztietan, forma, kolore eta soinuen festa handi bat bizitzeko aukera eskaintzen du.
Hori da aurtengo lehiaketaren kartelak irudikatu nahi izan duena. Estudio Primoko Jorge Elosegui Astrain diseinatzaile donostiarrak egin du eta orban eta zirriborro ezberdinen bidez gauero bizi dugun forma, kolore eta argi soinu festa hori irudikatu nahi izan du.
Hauek dira, 61. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko duten zazpi pirotekniak.
- Abuztuak 8: Pirotecnia Alpujarreña (Granada). 1890.urtean sortua, Andaluziako su-etxea ezaguna da bere estilo kementsuagatik eta berak fabrikatutako materiala erabiltzen duelako, kolore garbiekin eta soinu handiarekin.
- Abuztuak 9: Xena Pyrotechnics (Herbehereak). Pirotekniaren industrian liderra da. Urtean 100 piroteknia-ikuskizun ekoizten dituzte eta ospe handiko jaialdiak antolatu dituzte eta beste hainbatetan parte hartu dute.
- Abuztuak 10: Pirotecnia Tamarit (Valentzia). Indarra hartzen ari den su-etxea da. Mascletà eta intentsitate handiko ikuskizunetan espezialistak dira, eta erritmo progresiboa, soinu-karga indartsua eta ikusleekin zuzenean konektatzen duten amaiera sendoak dira euren ezaugarri nagusienak.
- Abuztuak 11: Phoenix Fireworks (Erresuma Batua). Eskala handiko ikuskizun piroteknikoen diseinuan eta gauzatzean espezializatuta dago. Bere lanaren ezaugarri nagusietako bat egiten duen efektuen hautaketa, konposizioa eta diseinu eszenikoa da. Horri esker, egiten dituzten muntaiak oso sinkronizatuak eta inpaktu bisual handikoak izaten dira. British Firework Championships eta British Musical Firework Championships lehiaketa ospetsuak irabazi ditu.
- Abuztuak 12: Pirotecnia Valenciana (Valentzia). Dagoeneko klasiko bat Donostian. Azken hiru urteetako lehiaketaren irabazlea gure artean izango da berriro historia egiten jarraitzeko asmoz.
- Abuztuak 13: Gianni Vaccalluzzo (Italia). Siziliatik suaren kultura ekarriko dute nazioarteko piroteknia italiarraren bikaintasuna irudikatzeko. Argiaren, kolorearen eta soinuaren benetako koreografia bihurtzen dute jaurtiketa bakoitzean.
- Abuztuak 14: Pirotecnia Gironina (Valencia). Donostian parte hartuko duen bigarren aldia izango da. Estatuko piroteknia mailan su-etxe ezagunenen artean kokatu da, jaurtiketa bakoitzean eskaintzen duen teknikaren eta emozioaren arteko harmonia zainduei esker.
Ikuskizun piromusikala
Urtero moduan, Aste Nagusiko azken egunean, abuztuaren 15ean, eta 61. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketari amaiera emateko, ikuskizun piromusikalaz gozatzeko aukera egongo da. Aurtengoa gainera oso berezia izango da Euskadiko enpresa baten eskutik egingo baita, Valecea Pirotekniaren eskutik.
1876.urtean sortua, Valecea Piroteknia Euskadi familia enpresarik zaharrenetako bat da, eta egun gure erkidegoan jardunean jarraitzen duen su artifizialen fabrikatzaile bakarra. Aurten 150.urteurrena betetzen duela ospatzeko, eta euskal jai-tradizionalekin izan duen lotura estua eta egindako ekarpena aitortzeko, Donostiako Nazioarteko Su Artifizialen lehiaketari eta Aste Nagusiari amaiera emateko ikuskizuna prestatu du.
Ikuskizunak bere historiari errepasoa emango dio, eta horretarako Georges Bizet konpositorearen Carmen obrako Toreadoreen Martxa, Offenbachen Can Can, jazza eta swingaren urrezkoa aroa irudikatzen duen Sing, Sing, Sing, Elvis Presleyren Jailhouse Rock, Egan taldearen Behin Batean Loiolan, Neomaken Ilargi Berriak eta Thomas Bergersenen Ocean Princess abestiak su artifizialekin uztartuko dituzte.

