Donostiako Udalak 'Errespetuzko bizikidetza akustikoa' kanpaina jarri du martxan
Donostiako Udaletxearen aurrean egindako argazkia, autobus eta kamioi elektrikoaren aurrean. Donostiako Udala Kanpaina zarataren inguruan sentsibilizatzeko da eta haren helburua atsedena, ongizatea eta herritarren arteko errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatzen duten ohiturak bultzatzea da. Hiru puntutan jarri dute fokua: aisialdia eta espazio publikoen erabilera, garraioa eta soinu oasiak (hondartzak eta parke publikoak, adibidez). Gipuzkoako Ostalaritza Enpresariek Elkartearekin, Dbusekin eta kale garbiketako zerbitzuekin lankidetzan egin da kanpaina.
Kutsadura akustikoa murrizteko eta hiriko ingurumen kalitatea hobetzeko udal estrategiaren parte den ekimen hau Donostiako herritarrek zaratari buruz duten pertzepzioa azterlanean dago oinarritua. 2025eko abendutik 2026ko apirilera artean egin zen azterlana, eta haren arabera inkestatutako pertsonen %48,65ak uste du Donostian dagoen zarata maila ertaina dela. Auzo eta herriei begira, Igeldo da balorazio akustiko hoberena duena: inkestatu guztiek uste dute auzo lasaia dela. Halaber, Gros eta Añorga dira auzo zaratatsuenak, parte hartzaileen arabera. Iñigo Garcia Ingurumeneko zinegotziak adierazi du hiriaren portaera akustikoak ez direla homogeneoak: “Jarduera ekonomikoaren, turistikoaren eta mugikortasunaren kontzentrazioak presio akustiko handiagoa eragiten du”.
Azterlanean bertan jaso ditu udalak herritarrek egindako proposamenak eta horien artean eskari nagusia trafikoa murriztea da. Eskariak egiteaz gain, horiek sustatzeko hainbat neurri aipatu dituzte inkestatuek: ibilgailuen bolumena gutxitzea, kale gehiago oinezkoentzat soilik izatea eta garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatzea eta zaratari buruzko araudia betetzeko araudia betetzeko neurriak indartzea, bereziki ostalaritzari eta aisialdiari dagokionez.
Udalak kale garbiketako eta hondakin bilketako flotan ibilgailu eta makinaria elektriko isilagoa eta jasangarriagoa sartu du. Zabor biltzeko kamioi guztiak ere elektrikoak izango dira hemendik aurrera. Horrez gain, autobus elektrikoak erabiltzen hasi izanak Donostiako hiri zarata gutxitu duela adierazi du udalak.
Azken urteetan garatutako udal politikei begira, udalak balantze positiboa egin du “egokiak” direla aipatuz eta horiekin aurrera egiten jarraitu behar dela azpimarratuz.

